Ingurune aberastuaren eragina C57BL6J saguen CB1 hartzaileetan nerabezaroan botiloi ohituraren ondoren
Abstract
[EU] Betekadan oinarritutako alkohol kontsumoa adingabeko gazteen artean ohikoa bilakatzen ari
den ohitura kaltegarria da. Mundu mailan, batez beste, 15,3 urteko adinetik aurrera hasten da substantzia psikoaktibo honen kontsumoa, nerabezaroan hain zuzen ere. Garai horretan, garunaren garapena ez da oraindik bukatu; horrexegatik, alkohola nerabezaroan edateak epe laburreko eta epe luzeko ondorio sozial, fisiko eta psikiko larriak eragin ditzake. Saguekin egin diren ikerketatan ikusitako kalteak anitzak dira; besteak beste, garunaren hantura eta aktibazio‐patroi atipikoak, disfuntzio sinaptikoa eta hipokanpo bolumenaren murrizketa. Sistema endokannabinoidean CB1 hartzailearen dentsitatearen zein funtzionalitatearen murrizketa ikusi da. Ingurune aberastua (IA) garuneko egituretan eragin onuragarria duen paradigma esperimentala da; izan ere, IAk alkoholak epe luzera eragindako hainbat kalte lehengora ditzake. Ikerketa honen bidez, ingurune aberastuak dakarren hobekuntzaren
azpian sistema endokannabinoideak izan lezaken rola aztertu dugu. Horretarako,
nerabezaroan, betekada gisako alkohol kontsumoak CB1 hartzailearen espresioan eragiten
dituen epe luzerako aldaketak aztertu ditugu animalia‐eredu baten hortz‐bihurguneko
sinapsietan, eta, halaber, ingurune aberastuak aldaketa horien gainean dituen ondorioak.
Zehazki, lau talde esperimentaletako ([i] kontrol, [ii] alkohol, [iii] ingurune aberastua eta [iv]
ingurune aberastua + alkohol) C57BL6J saguen hortz‐bihurgunean, immunoelektroimikroskopia
bidez, CB1 partikula immunoerreaktiboen dentsitatea aztertu dugu sinapsi inhibitzaile zein kitzikatzaileetan. Analisi estatistikoak desberdintasun esanguratsuak frogatu ditu sinapsi inhibitzaile zein kitzikatzaileetan ohiko laborategiko baldintzetan eta ingurune aberastuan barneratutako saguen artean. Horrez gainera lau talde esperimentalen hortzbihurgunetik eta Ammon adarretik (CA1‐CA3 eremua) isolatutako sinpatosoma gordinen laginetan, immunoblot entseguak burutu ditugu. Hala, CB1 hartzailearen eta 2‐arakidonilglizerol (2‐AG) kannabinoide endogenoaren sintesi‐ eta degradazio‐entzimen (diazilglizerol lipasa α ‐DAGLα‐ eta monoazilglizerol lipasa ‐MGL‐, hurrenez hurren) espresioa
semikuantitatiboki aztertu genuen. Gure behin‐behineko datuek ez dute talde esperimentalen arteko desberdintasunik detektatu hortz‐bihurguneko mintz sinaptiko gordinetan aztertutako hiru proteinetan. Ordez, CA1‐CA3 eremuan, gora‐erregulazio esanguratsua aurkitu genuen DAGLα‐ren espresioan ingurune aberastua + alkohol taldean, kontrol alkoholiko taldearekiko. Hortz‐bihurgunean Western blot bidez lortutako emaitzak, lan honetan elektroi‐mikroskopiaz lortutakoekin eta aldez aurretik taldean ondo
sendotutako datu esperimentalekin kontraesankorrak dira. Azterketa motaren eta erabilitako laginen arteko desberdintasunak itxurazko desadostasun horiek azal ditzakete.
Beraz, paradigma esperimental honetan, sistema endokannabinoideko osagaien erregulazioa
aztertzeko ikerketa gehiago beharko dira.