"Dimmi"ak al-Andaluseko arabiartze prozesuan: erresistentzia edo akulturazioa?
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Monasterio Lotina, Eritz
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen xedea historiografia klasikoak “mozarabe” gisa identifikatutako al-Andalusen bizi zen ḏimmī komunitatearen azterketa egitea da. Termino horren baitan komunitate kristaua zein judua biltzen badira ere, lanaren luzeraren mugapenak baldintzatuta kristauez arituko gara batik bat. Beraz, metodologiaren aldetik abiatuta lehendabiziko urratsa ḏimmī kontzeptua ongi definitzea izango da, bai eta honek zekartzan betebehar eta eskubideak argitzea ere. Azken honi lotuta, aipamen berezia eskaini zaio dimmaren estatus juridikoari, hori baitzen populazio ez musulmanei ḏimmī izendapena eskaintzen ziena. Era berean, lanean zehar aipamen ezberdinak egingo zaizkio gizarte musulmanari, baita umma izeneko komunitateari ere, ḏimmīek harreman eta elkarreragin estuak izan zituztelako harekin.
Horrela gauzak, ikerlan honen asmo nagusia al-Andaluseko populazio musulmanaren eta ḏimmīaren artean izandako tratua, orohar, aurkaritzakoa baino elkarbizitzakoa izan zela frogatzea izango da. Horretarako, gai honen inguruan mahaigaineratu diren historiografiaren bi korronte nagusien planteamenduak aztertuko dira, izan ere, gai honek eztabaida luzea ekarri du historialarien artean: joera klasikoaren aburuz, komunitate honek erresistentzia tinkoa egin zion aginte musulmanari zein arabiartze prozesuari, eta ideia hori defendatzeko lan honetan aztergai izango diren ˤUmar-ren ediktua eta Kordobako Borondatezko Martirrak erabili ohi dira. Bestalde, azken hamarkadetan egituratzen ari den bigarren korrontea genuke, zeinaren arabera ḏimmīak mundu arabo-musulmanean erabat integratu ziren, eta horretarako jurisprudentziaren eta arabiartzearen gaiak izaten dira argudio, lan honetan ere ikertuko ditugunak. Bi joera historiografiko hauen ikuspuntuak era sakonagoan aztertzeko, gehigarri gisa ingelesez idatzitako iturri bibliografikoetara jo da. Horrez gain, lan honetan defendatu nahi dena sendotzeko asmoz, ikerketa bibliografikoa gainditu eta bestelako iturrien erabilera gauzatu da: lehen mailako iturri ezberdinak, numismatika, hizkuntzalaritza edo onomastika bera ere, besteak beste.
Aztergai guztiak ikuspuntu kritikotik arakatuta, lanaren amaieran gaiari buruzko ondorio orokorrak planteatuko dira. Ikusitakoa aztertu ondoren, horren emaitza aipatutako taldeen arteko harremanak, orohar, aurkaritzazkoak baino elkarbizitzazkoak izan zirela da, izan ere, ḏimmīak ummatik kanpo egon arren dār al-Islāmean erabat integraturik egon baitziren.