Irudiaren estatusa Espainiako gerraosteko urte ilunetan
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Laka Solozábal, Itzale
Metadata
Show full item recordAbstract
Gerra Zibilaren amaierako kultura-ikuspegiak berreraikuntza funtsezko helburu zuen. Erregimen berriaren ahalegin nagusia irudi propio bat eraikitzea izan zen, herrialdeko bizitzaren esparru guztietara esportatu ahal izateko; pedagogia bisualeko ekintza bat, maila sozial, intelektual, profesional eta abar guztietan asimilagarria, kasu askotan propaganda gisa formulatu zena. Hau eraikitzerako orduan Alemanian eta batez ere Italian garatutako jarduera eta arte-estatu harremanetarako ereduak inportatu zituen; bestalde, intereseko gertaera historikoak berrikusi eta berrirakurri ziren, bai eta "Espainiako Eskola" izenez eratu ziren artistak ere (Velázquez, Murillo...). Francisco Francoren lehen gobernua ezarri zeneko urteetan kokatzen da lan hau, bereziki 1939-1945 urte bitartean. Momentu honetan erregimen espainiarrak Italian eta Alemanian egin zen moduan bere politikarekin bat egingo zuen diskurtso artistiko bat garatzeko saiakera egin zuen. Arteak, bereziki pinturak, nahiz eta arkitekturak eta eskulturak ere funtsezko protagonismoa izan, izaera identitarioa hartzen du. Hitlerren Alemania eta Italia mussoliniarra erori ondoren, gertakari historikoen bilakaera azkarrak eta erregimen frankista umezurtz gelditzeak eragotzi egin zuten benetako diskurtso formal ongi egituratua eta teorikoki sendoa eratzea. Tarte honetan sortzen den arte hizkuntza eta estetikak hogeigarren eta hogeita hamargarren hamarkadan garatutako adierazpen plastikoan du oinarri. Ortega y Gasset-ek artearen deshumanizazioarekin irekitzen duen figurazioarekiko aukera zein Ernesto Giménez Caballero faxistak egindako estatua eta artearen harremanaren gogoeta erabilgarri izan zen Estatu faxistaren lehen hamarkadako teoria eraikitzeko. Une honetako panorama plastikoa bi ardatzetan bana genezake: batetik ingurune "demokratikoagoetan" egiten dena dugu, erretorika hiperrealista eta ideologizatua nagusitzen dena, propagandistikoa esan daiteke eta zalantzarako tarterik uzten ez dutena; bestetik igurune akademikoetan egiten diren ekimen artistikoak dauzkagu. Goi mailako herritarrei zuzenduta dagoenez kutsu propagandistikoa ez da hain nabaria izango, eta ingurune honetako mugimendu batzuetan (Eugeni d’Ors eta Academia Breve de Crítica de Arte-n esaterako) ikusiko da benetan izpiritu artistiko batek bultzatutako gogoeta plastikoa. Testuinguruaren konplexutasunean bateragarri den elementua irudia da. Abangoardien adierazpena baztertuko da oro har herritarrentzat urruti eta ulergaitz gelditzen zen espresio izanik, eta eremurik popular baita goi-mailakoenetan ere figurazioa ageriko zaigu.