Pirinioetako glaziarren higakin-estalkiak: azken bi hamarkadetako bilakaera (2000-2020)
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Palacios Fraile, Ander
Metadata
Show full item recordAbstract
Egungo glaziarren eremuaren %4-7 inguru higakinez estalitako glaziarrek hartzen dute, eta hauen kopuruan eta azaleran hazkunde nabaria ematea espero da datozen hamarkadetan. Glaziar mota hauek urtze eremuan higakinen geruza jarraia aurkezten dutenak dira, eta presentzia esanguratsua dute Pirinioetako glaziarretan, egungo 21 glaziarretatik 14tan agertuta. Helburu nagusi bezala, egoera honetara iristeko prozesua aztertu da, mende honetako lehen 20 urteetan emandako bilakaera ikertuz, eta higakinen ekarpena areagotzeko joera antzeman da hemen ere, glaziarren azaleraren atzera-egite orokorrarekin batera. Urte ezberdinetako satelite-irudiak erabilita, eta 2000. eta 2020. urteetan burututako inbentarioetan oinarrituta, glaziarren azaleraren galera neurtu da lehenik. Estalki hauen inguruan esan dezakegu duela 20 urte dagoeneko agertzen ziren kasuetan nabarmenki hazi direla, eta beste zenbait kasutan estalkirik ez izatetik partzialki estalita egotera pasa direla. Higakinez estalitako glaziarren artean estalki hauek azaleraren %4,2 hartzetik %18,1 hartzera pasa dira. Gainera, eta bigarren xede gisa, higakin-estalkien agerpena glaziarren azaleraren galerarekin erlazioan jarri da, eta glaziar handi nagusietan oinarritu gara ikerketa hau aurrera eramateko; besteak beste, Aneto, Ossoue, Maladeta edo Monte Perdidoko glaziarretan, nahiz eta kasu guztiak aztertu diren dinamika ezberdinak kontuan hartuz.
Joera orokor batean, higakin-estalkia aurkezten duten glaziar horietan azaleraren galera txikiagoa eman da eta glaziar “txurietan”, berriz, galera deigarrienak, estalki hauek babes moduko bat ematen dutela antzeman dugularik. Baina badira beste zenbait faktore aintzat edukitzekoak, horregatik glaziar hauek hartzen dituzten mazizoen ezaugarri ezberdinak aipatzen dira, higakinen ekarpena baldintzatzen dutenak, baita glaziarrei ematen dizkieten beste babes motak ere. Oro har, material sedimentario eta metamorfikoz osatutako mazizoen kasuan higakinen ekarpena errazten dela esan dezakegu, eta honek aldi berean bertako glaziarren urtze prozesua moteltzen duela. Honekin ere argi geratu da klimak kontrolatutako eta faktore topo-klimatikoek kontrolatutako glaziarren bilakaeren artean badirela alde esanguratsuak higakin-estalkien agerpenari erreparatuz, eta lehenengoen kasuan, glaziar handienetan hain zuzen ere, higakin-estalkiek ez dute hainbesteko garrantzirik. Faktore honen eragina estalki motaren araberakoa ere bada, honen homogeneotasunak ere babes hori baldintzatzen baitu eta azken finean eragile hauen guztien bilakaera aztertuta hobe uler dezakegu gure egungo glaziarren egoera.