Irun Zentroko osasun-zentroko erizainei zuzendutako eskabiosiaren inguruko osasun-hezkuntza programa
Abstract
Eskabiosia gaixotasun dermatologiko parasitario kutsakorra da. Infekzio honek
ez du genero, arraza, adin edo faktore-sozioekonomikorik baztertzen eta gure gizartean
intzidentzia gora egiten ari dela ikusi da, osasun publikoaren arazoa mundu mailan
dagoela kontsideratuz. Pilaketa-egoerak arrisku-faktore garrantzitsuenak dira eta
larruazalari eragiteaz gain, infekzio bakterianoak eta beste konplikazio batzuk eragin
ditzake. Erizainen osasun-hezkuntza ezinbestekoa da porrot terapeutikoa saihesteko, izan
ere, tratamendu egoki betez % 100 sendatze-portzentaia du.
Helburua: Irun Zentroko lehen mailako arretako erizainei zuzendutako eskabiosiaren
inguruko osasun-hezkuntza programa bat diseinatzea.
Metodologia: PIO galderari erantzun ostean, deskriptoreak (DeCS eta MeSH) eta hitz
gakoak definitu dira. Bilaketa bibliografikoa datu-base desberdinetan gauzatu da:
Pubmed, Dialnet, BVS eta MEDES. Hortaz aparte, Google Academico-an artikulu batzuk
eskuratu dira. Emaitzak murrizteko eta artikuluak aukeratzeko, iragazkiak eta barneratze
eta kanporatze-irizpideak aplikatu dira. Gainera, web-orrietan informazioa ere bildu da.
Bestalde, proiektuaren egitura antolatzeko, “Métodos educativos en salud” eta “Manual
de Educación para la salud” erabili dira. Hortaz gain, bi bilera eduki dira: ESI
Donostialdeako Medikuntza Prebentiboko Zerbitzuko mediku zein erizainarekin eta
Irungo Osasun Zentroko gainbegiratzailearekin
Plangintza: Hasteko, talde dianak lortu beharreko helburu orokor zein zehatzak planteatu
dira. Saio bakarra emango da, 2 ataletan ezberdindua: teorikoa eta praktikoa. 4 gai-multzo egongo dira eta horiek garatzeko hainbat jarduera prestatu dira. Programa, erizainak eskainiko du osasun-zentroko bilera-gelan. Ebaluazioari dagokionez, saioaren amaieran egingo da. Partaideek emaitzak, prozesua eta egitura eta baliabideak ebaluatuko dituzte, hezitzaileak, aldiz, prozesua eta egitura eta baliabideak soilik.
Ekarpen pertsonala: Ezjakintasuna agertu den gai batean erizaintzari ezagutza bat eman
nahi izan da. Gure gizarteari zuzenki eragiten dion arazo bat da eta erizainak ezinbesteko
papera betetzen du osasun hezitzailearen arloan. Programa hau aukeraturiko diana taldean aplikagarria izan daitekeela uste da eta etorkizunean burutzeko aukera ikusten da.
Hitz gakoak: “Eskabiosia”, “Prebentzio primarioa”, “Tratamendua”, “Erizainak”,
“Osasun-Hezkuntza programa.