Kirurgia programatuaren aurreko antsietatearen maneiurako estrategiak
Abstract
Erabiltzaileen %11-80 artean kirurgiaren aurretik antsietatea dute. Antsietatea
duten pazienteek sintoma fisikoak eta psikologikoak pairatzen dituzte, anestesiaren
indukzio zailagoa dute eta kirurgia ondorengo konplikazio gehiago dituzte. Antsietateak
hautazko prozeduren dinamika aldatzeko potentziala du eta gaizki maneiatzen denean,
erabiltzaileak interbentzioa atzeratzea edo bertan bera uztea erabaki dezake. Erizainak
gertutasun eta konfiantza handia transmititzen duten profesionalak dira eta antsietatearen
maneiuan garrantzia izango dute.
Helburuak: berrikuspen bibliografiko honen bidez kirurgia programatua egingo zaien
pazienteen kirurgiaren aurreko antsietatearen maneiurako estrategien ezaugarriak eta
eraginkortasuna aztertu dira.
Metodologia: bilaketak 2022ko azaroaren eta abenduaren artean egin dira. PubMed, BVS
eta Cochrane datu-baseak erabili dira eta guztira 34 artikulu barneratu dira.
Emaitzak: heziketa antsietatea murrizteko eraginkorra den interbentzioa da. Heziketaren
gehigarri moduan bideoak, eskuorriak, ebakuntza-gela bisitatzea edo errealitate
birtualaren erabilera aztertu duten ikerketak barneratu dira (gehienetan antsietatea
murrizten da). Uneko antsietateari aurre egiteko, erlaxazio bidezko irudi gidatuak,
elkarrizketa motibazionalak, bero bidezko erlaxazioa edo bestelako terapia alternatiboen
erabilera aztertu duten ikerketak aurkitu dira eta badirudi antsietatea murrizteko
eraginkorrak direla. Amaitzeko, segurtasun terapeutiko gehiago duten ordezko farmakoen
erabilerari buruzko artikuluak barneratu dira (Melatonina, Gabapentina eta Pregabalina).
Eztabaida: interbentzio ez farmakologikoak erizainen zeregin garrantzitsuenetakoak dira
erabiltzaileen antsietatea murrizteko. Denbora faltari aurre egiteko heziketa
eraginkorragoa eman behar da. Terapia alternatiboak antsietateari aurre egiteko
eraginkorrak eta eskuragarriak diren interbentzioak dira. Beste testuinguruetan
interbentzioen eraginkortasuna frogatzeko ikerketa gehiago beharrezkoak dira.
Ondorioak: pazientean oinarritutako arreta indibidualizatua erabiltzaileak ikuspuntu
holistiko batetik tratatzea inplikatzen du. Erabiltzailearen prestakuntza psikologikoa
beharrezkoa da eta horretarako erizainak gakoa izango dira. Erizainak fisiko eta
emozionalki inplikatzen dira prozesu guztian zehar eta kirurgia aurreko fasean
erabiltzailearekin duten gertutasunak sortzen duen konfiantza eta erlazio
terapeutikoarengatik antsietatearen eta beldurren murrizketan eragina izango dute.