Nerabezaroan elikadura-jokabidearen nahasmenduak prebenitzeko, 9-12 urte arteko haurrei bideratutako osasun-hezkuntza programa
View/ Open
Date
2023-06-22Author
Razquin Iregi, Olatz
Metadata
Show full item recordAbstract
Elikadura-nahasmenduak pertsonen nutrizioan, hazkuntzan eta garapenean
ondorio kaltegarriak eragiten dituzten gaixotasun mental larriak dira. Nahaste hauek
pazienteen arlo fisiko, psikiko eta sozialak erasaten dituzte. Azken urteetan, elikadura jokabidearen nahasmenduen kasuak igo eta mundu mailako arazo bat bilakatu dira,
intzidentzia-tasa handiena 12-18 urte bitartean kokatuz.
Helburua: Nerabezaroan elikadura nahasmendurik paira ez dezaten, 9 eta 12 urte arteko
haurrei, hots, lehen hezkuntzako (LH) 5. eta 6. mailetako haurrei, bideratutako
prebentziozko Osasun-Hezkuntza Programa bat diseinatzea da.
Metodologia: Proiektua garatzeko, bilaketa bibliografiko bat burutu da zenbait
metabilatzaile, datu base, liburu eta web-orritan. Bilaketa hau programaren PIO galderari
erantzunez, eta barneratze eta kanporatze irizpideak jarraituta egin da. Hura garatu ahal
izateko, zenbait DeCS, MeSH, hitz-gako eta terminologia libre erabili dira.
Plangintza: Xede-taldeak dituen jarrera, ezagutzak, gaitasunak eta itxaropenak
balioztatutako 5 galdetegiren bitartez identifikatuko dira, landu beharreko gai-multzo
bakoitzeko bat (arlo fisikoa, elikadura-ohituren garrantzia, arlo psikologikoa, arlo soziala
eta aurre egiteko baliabideak). Horretaz gain, elikadura-nahasmenduen nondik-norakoak
azaltzen dituen ikasgai bat ere izango da. Gai bakoitza helburu pedagogiko nagusi batean
oinarrituta dago eta, haietako bakoitza saio desberdin batean landuko da, guztira sei saio
izango direlarik. Metodologia pedagogikoari dagokionez, programa hau partaideen parte hartze aktiboan oinarritzen da, haurra prozesu osoaren erdigunea izanik. Ebaluazioa hiru
zatitan banatuko da: proiektuaren prozeduren, emaitzen eta egitura eta baliabideen
ebaluaketan, hain zuzen ere.
Ekarpen pertsonala: Nerabeei zuzendutako interbentzio asko badaude ere, nerabezaro
aurreko haurrentzat bideratutako prebentziozko osasun-hezkuntza proiektu gutxi daude,
eta nahasmenduen kasu gorakadak halakoen beharra argi uzten dute. Honetan, eskola
erizainek, talde multidisziplinarrarekin batera, hezitzaile rol oso garrantzitsua dute.
Hitz-gakoak: elikadura-jokabidearen nahasmenduen prebentzioa, 9-12 urte arteko
haurrak, osasun-hezkuntza programa.