Ariketa fisikoaren eraginkortasuna beheko gorputz adarretako osteoartritisa duten pertsonengan
View/ Open
Date
2023-07-11Author
Murillo Astigarraga, Ander
Metadata
Show full item recordAbstract
Esparru kontzeptuala eta justifikazioa:
Osteoartritisa endekapenezko gaixotasun muskulueskeletiko kroniko bat da, zeinek kartilago artikularraren galera, hezurraren birmoldatzea, eta artikulazioetako hantura eragiten duen. Mundu guztian prebalentziarik handiena duen eritasunetako bat da, adinekoen artean ezgaitasunaren kausarik ohikoena izanik. Min kronikoa eta funtzionalitatearen beherakada dira bere ondorio nagusi, pertsona mendekotasunera eraman dezakeelarik. Paziente hauen portzentai handi batek, mina saihestu eta artrosiaren progresioa saiheste aldera, ariketa fisikoa ekiditen du, ariketa fisikoaren onura zalantzan jartzen duelarik. Alabaina, hainbat ikerketek aditzera eman dute ariketa fisikoa eraginkorra izan dakiekela, baina informazioa mugatua denez, informazio gehiagoren beharra dago.
Helburua:
Beheko gorputz adarretako osteoartritisa duten pertsona helduentzat ariketa fisikoa egitea funtzionalitatean eta minean eraginkorra den aztertzea.
Metodologia:
Literaturaren berrikusketa kritikoa burutu da, 2012. urtetik 2022. urtera artean argitaratutako artikuluak erabili direlarik. Bilaketak Medline, CINAHL, Cochrane Database, CUIDEN eta LILACS datu-baseetan egin dira. Honez gain, eskuzko bilaketa ere burutu da Ebidentzian Oinarritutako Erakundeetan eta aldizkari espezializatuetan. Horrela, 18 agiri eskuratu dira lan honen helburuari erantzuteko.
Emaitzak:
14 ausazko entsegu kliniko, 2 kuasiesperimental, berrikuspen sistematiko 1 eta praktika klinikoko gida 1 erabili dira. Bi kategoria nagusi bereiztu dira, uretako ariketak eta lurrean oinarritutakoak, eta bietan burututako ariketa fisikoen gehiengoek erakutsi dute epe laburrera minaren murrizketarako eta funtzionalitatearen hobekuntzarako eraginkortasuna. Hala ere, ezjakina da epe luzera duten eraginkortasuna.
Ondorioak:
Literaturak gehien aztertu duen aldagaia mina da, funtzionalitatearekin alderatuz. Ariketa fisikoak minaren gutxitzearen gaineko eragin positiboa du, baina funtzionalitatearen gaineko emaitza aniztasuna dago. Nahiz eta lurrean oinarritutako ariketak izan diren gehien aztertutakoak, uretako ariketa fisikoaren onurak ere ebidentziatu dira. Bestalde, maiztasunak edota iraupenak ez dute neurgaietan hobekuntzak izatea baldintzatu, baizik eta ariketa fisikoa burutu izanak edo ez. Beraz, onurak mantentzeko, ariketa fisikoa ere mantendua izan behar da denboran zehar. Hala ere, muga metodologikoen eta epe luzerako emaitzen ebidentzia gabeziaren ondorioz, etorkizuneko ikerketa gehiagoren beharra dago.