Erizaintzako komunikazioaren zailtasunak eta komunikaziorako estrategiak bizitza amaierako fasean dauden paziente onkologikoekin
View/ Open
Date
2023-07-11Author
Jiménez García, Isabel
Metadata
Show full item recordAbstract
Marko teorikoa eta justifikazioa: Minbizia munduko lehendabiziko heriotza arrazoia da. Heriotza horietako asko ospitalean ematen dira, pazienteen gehiengoari bizitza bukaerako zainketak ematen zaizkiolarik. Komunikazioa zainketa hauen alderdi garrantzitsua da, bizitza bukaerako erabakiak eta helburuak finkatzeko baliagarria baita. Ikerketen arabera, erizain askok hilzorian dauden pazienteekin modu eraginkorrean komunikatzeko zailtasunak dituzte, honek gaixoen bizi-kalitatean duen eragina negatiboa izanik. Hau ikusita, garrantzitsua da erizainek topatzen dituzten zailtasunak ezagutzea eta komunikaziorako lagungarriak zaizkien estrategiak aztertzea.
Helburua: Bizitza amaierako fasean dauden paziente onkologiko helduekin komunikatzerakoan erizainek aurkitzen dituzten zailtasunak eta komunikaziorako erabiltzen diren estrategiak zeintzuk diren identifikatu eta aztertu.
Metodologia: Literaturaren azterketa kritikoa egin da hurrengo datu-baseetan; Medline, Pubmed, CINAHL, PsycINFO, Embase, Cuiden, Scopus eta Cochrane. RNAO praktika klinikoko gidan eta Journal of Clinical Oncology, Journal of Clinical Nursing, Journal of Hospice and Palliative Nursing eta Journal of Palliative Medicine aldizkari zientifikoetan eskuzko bilaketa egin da. Bilaketan 2012tik aurrera argitaratutako artikuluak barneratu dira lana burutzeko 16 artikulu lortuz.
Emaitzak eta eztabaida: Erizainek komunikatzeko dituzten zailtasunak faktore desberdinei egozten dizkiete, hauek informazioaren kudeaketarekin, osasun-taldearekin, paziente zein familiekin eta osasun-sistemarekin lotzen direlarik. Estrategiei dagokienez, protokolizatutako eta protokolizatu gabeko estrategiak aurkitu dira, gehienetan bat datozenak eta erizainek bizitza bukaerako egoerekiko duten komunikazioan hobekuntza estatistikoki esanguratsuak erakutsi dituztenak.
Ondorioak eta mugak: Aipatzen diren komunikazio zailtasunak asko dira eta zaila izan daiteke familia eta pazienteei lotutako zailtasunei komunikazio estrategiekin aurre egitea. Era berean, ikerketeta desberdinetan aipatutako estrategia asko bat datoz eta erantzuna ematen diete proposatutako zailtasunei. Hala ere, artikuluen kalitate eta edukiarekin lotutako hainbat faktorek kolokan jartzen dute emaitzen fidagarritasuna.