Matematika diskretua
Abstract
2010-11 ikasturtean, Matematikako titulazio berria hasi zen Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Matematika Diskretua 2. mailako nahitaezko irakasgaia da eta 6 ECTS kreditu ditu. Irakasgai horren helburuak honako hauek dira: zerrendatze-konbinatoriaren teknika nagusiak aurkeztea, esanahi konbinatorioa duten zenbaki-familia garrantzitsuenak ikastea eta grafoak eta haien aplikazioak erakustea.
Ikasleak lortu behar dituen gaitasun espezifikoak honako hauek dira:
- Funtsezko frogapen matematikoen motak eta problemen ebazpen-teknikak (behaketa-aieruafrogapena) ezagutzea.
- Multzo-teoriaren oinarrizko osagaiak ezagutzea eta erabiltzea.
- Problema konbinatorioak ebazten jakitea, oinarrizko teknikak, funtzio sortzaileak eta errepikapenak erabiliz.
- Identitate konbinatorioak eta esanahi konbinatorioa duten zenbaki-familia garrantzitsuenak ezagutzea.
- Grafo teoriaren oinarrizko kontzeptuak, teknikak eta emaitzak ezagutzea eta haren aplikazio askotarikoetako batzuez jabetzea.
Ikasmateriala hiru ataletan banatuta dago; lehenengoan, Konbinatoria arloa agertzen da, eta lau kapitulu ditu; bigarrenean, Grafo-Teoria azaltzen da; hirugarrenean, hamabi ariketa-zerrenden zenbakizko emaitzak eta zenbait problemaren garapenak agertzen dira. Aipatzekoa da ariketa batzuk bibliografiako liburuetatik aterata daudela; gomendatutako bibliografia eta estekak amaieran kontsulta daitezke.