Faktore meteorologikoen eta araknoide azpiko hemorragiaren agerpenaren arteko harremana
Abstract
[EU] Laburpena:
Lan honen helburu nagusia Donostiako ospitaleko pazienteetan faktore meteorologikoen eta berezko araknoide azpiko hemorragia aneurismatiko zein ez aneurismatikoaren/perimesentzefalikoaren artean harremanik dagoen aztertzea izan da. Aztertu diren faktore meteorologikoak tenperatura, presio atmosferikoa eta intsolazioa izan dira. Bestalde, faktore meteorologiko hauek hemorragia subaraknoideoaren larritasunarekin erlazionatzen diren ere ikertu nahi izan da. Azkenik, urtaroen arabera hemorragia subaraknoideoen kopurua aldatzen den ere ikusi nahi izan da. Hemorragia subaraknoidearen larritasunaren azterketan faktore meteorologikoez gain, HSA larritasunak sexuarekin, adinarekin, hipertentsioarekin eta erretzaile izatearekin harremana izan dezakeen ere aztertu nahi izan da.
Ikerketa hau egiteko erabilitako diseinua atzera begirako behaketa kohorte ikerketa izan da, zehazki, 2016ko ekainetik 2020eko abendura bitartean HSA pairatu duten eta Donostiako ospitalean ingresatu diren pazienteen atzera begirako kohorte ikerketa.
Emaitzek agerian utzi dute ikerketa gauzatu dugun eremu geografikoko faktore meteorologikoen artean eta Donostiako ospitalean HSAgatik ingresatu duten pazienteen artean, oro har ez dagoela harremanik. Hala ere, HSA motaren arabera sailkatzean, hau da, HSA aneurismatikoa eta HSA ez aneurismatikoa bakoitza bere aldetik aztertzean, HSA ez aneurismatikoa edo perimesentzefalikoa gertatu den egunetan bataz besteko presio atmosferikoaren balioa esanguratsuki altuagoa dela ikusi dugu. Bestalde, ez dugu urtaroen araberako ezberdintasunik ikusi HSA kopuruei dagokienez. Azkenik, larritasunari dagokionez ez da faktore meteorologikoen eta HSA aurkezpen larritasunaren artean desberdintasun esanguratsurik ikusi. Aitzitik, HSA aurkezpen larritasuna goran aipatutako barne aldagaiekin alderatzean, HSA larria izan duten pazienteetan erretzaileen ehunekoa nabarmenki handiagoa dela ikusi dugu.
Lan honetatik hainbat ondorio eratortzen dira. Batetik, nahiz eta orokorrean faktore meteorologikoen eta HSA agerpenaren artean ez den erlazio argirik ikusi, HSA perimesentzefalikoa gertatu den egunetan presio atmosferiko altuagoa egon dela ikusi da. Honek bi HSA fisiopatologia desberdina izatearen teoria indartzeaz gain, abiarazle desberdinak izan ditzaketela pentsarazten gaitu eta honen inguruan gehiago ikertu beharko litzatekela proposatzera eramaten gaitu. Bestetik, nahiz eta faktore meteorologikoen eta HSA aurkezpen larritasunaren artean ez den harremanik agertu, argi ikusi dugu, HSA larria pairatu duten pazienteetan erretzaileen ehunekoa altuagoa dela. Beraz, gure ikerketan, alda dezakegun barne faktore batek aldaezinak diren kanpo faktoreek baino eragin handiagoa izan du HSA larritasunean. Honek erretzeari uzteko eskuhartzeak edo ohitura hori ekiditeko prebentzio programak martxan jartzearen garrantzia azpimarratzera garamatza.