Sudurbarneko eta kanalikulu barneko dakriozistorrinostomia diodo laserrarekin helduan
View/ Open
Date
2023-09-14Author
Zabala Vallejo, Iraide
Metadata
Show full item recordAbstract
[EU] 1. Sarrera: dakriozistitisa (DZ) malko zakuaren inflamazioa da, hodi nasolakrimalaren buxaduraren ondorioz ematen dena. Horrez gain, malko sistemako gaixotasun ohikoena da. Gaixotasuna ohikoagoa da emakumeetan eta hodiaren buxaduraren ondorioz bere sintoma nagusia epifora da. Klinika akutua zein kronikoa izan daiteke eta unilaterala edo bilaterala. Tratamenduari dagokionez, medikoa izango da egoera akutuetan, antibiotiko bidezkoa batez ere. Egoera kronikoetan, aldiz, aukerako tratamendua kirurgia da duktuaren birkanalizazioa lortzeko. Horretarako erabiltzen den ebakuntza motari dakriozistorrinostomia (DZR) deritzo.
2. Hipotesia: sudurbarneko eta kanalikulu barneko DZR diodo laserrarekin beste teknika kirurgiko batzuek besteko emaitzak lortzen ditu. Gainera, teknika honek duen morbilitatea txikiagoa da beste teknikekin alderatuz.
3. Helburuak: lehen mailako helburua laser diododun DZRaren emaitza funtzionalak eta konplikazioak aztertzea da. Eta arrakasta objetibo eta subjetibo arteko erlazioa aztertzea. Bigarren mailako helburua, aldiz, ebakuntzan kortikoide eta metilzelulosa jarri zaien eta jarri ez zaien taldeetan emaitzak eta konplikazioak aztertzea.
4. Material eta metodoak: GRAL hau ikerketa erretrospektibo batean oinarritzen da, zeinetan Basurtoko ospitalean DZ kronikoaz diagnostikatu diren eta sudurbarneko eta kanalikulu barneko DZR diodo laserrarekin ebakuntza egin zaien pazienteak kontuan hartu diren. Paziente guzti hauek ospitale honetako oftalmologia zerbitzuan diagnostikatu ziren eta oftalmologia eta otorrinolaringologia zerbitzuek lankidetzan operatu zituzten 2019/01/01-2021/07/07 denbora tartean zehar. Lagina 123 pertsonez osatzen da eta 16 pazienteri ebakuntzan kortikoidea eta metilzelulosa jarri zitzaien sudur hobian. Gainera, ikerketa 2022ko urtarrilean onartu zuen Basurtoko ospitaleko etika komiteak (1. eraskina).
5. Emaitzak: helburu anatomikoa pazienteen %72,4an lortu zen eta helburu subjetiboa pazienteen %62,6an. Horrez gain, medikazio eta inplantea jaso ez zuten pazienteen %73,8an eta hau bai jaso zuten %62,5ean lortu zen helburu anatomikoa. Helburu subjetiboa aldiz, ebakuntza barnean inplante edo medikaziorik jarri ez zitzaien taldean
II
%61,7an lortu zen. Eta kortikoideak metilzelulosarekin jarri zitzaien taldean %68,8an. Amaitzeko, teknika kirurgikoaren konplikazio tasa txikia da.
6. Ondorioak: Basurtoko ospitalean sudurbarneko eta kanalikulu barneko laser diodo bidezko DZRak emaitza onak lortzen ditu, nahiz eta, argitaraturiko zenbait artikuluetan emaitza hobeak lortzen diren. Hala ere, oraindik kanpoko DZRa bidez emaitza pixka bat hobeak lortzen dira. Laginean arrakasta anatomikoa %72,4ean lortu da eta subjetiboa %62,6an. Gainera, bi parametro hauen arteko erlazioa estatistikoki esanguratsua da. Horrez gain, teknika kirurgikoaren morbilitatea minimoa da. Azkenik, osteotomian kortikoidea jartzean arrakasta anatomiko txarragoa, subjetibo hobea eta hodiaren reestenosi eza lortzen da jarri ez denekin alderatuz. Hala ere, lagin tamaina oso txikia da emaitzak esanguratsuak izan daitezen.