Poliuretanoen sintesi kontrolatua urea-oztopatutako polimerizazio dinamikoaren bidez: konparaketa, karakterizazioa eta aukerak
Abstract
[EU] Poliuretanoak polimero komertzial garrantzitsuenetako bat bilakatu dira, kostu baxuaren, aldakortasunaren eta material horretatik lor daitezkeen propietate sorta zabalaren ondorioz. Polimero horien sintesia nahiz eta gaur egun oso erabilia den, konbentzionalki garatutako poliadizioak ezin du kate hazkuntza erregularra bermatu. Ondorioz, lan honetan poliuretanoak sintetizatzeko beste estrategia bat erabili da, material mota horiek modu kontrolatuago batean sortzeko eta polidispertsitate-indize baxuagoko poliuretanoak ekoizteko.
Horretarako, poliuretano polimeroak bi eratara sintetizatu dira: gaur egun ezagutzen den poliadizio konbentzionalaren bidez eta oztopatutako urea-taldeen disoziazio-asoziazio orekan (ingelesez, DUBMP) oinarritzen den estrategia jarraituz. Horren ostean, polimero horiek elastomeroak egiteko erabili dira. Beraz, bi polimero horien karakterizazio fisiko-kimikoak eta termikoak, eta polimero horietatik eratorritako bi elastomeroen karakterizazio fisiko-kimikoak eta termo-mekanikoak egin dira, beraien arteko desberdintasunak ezagutzeko.
Bestalde, era kontrolatuan lortutako poliuretanoa kimikoki eraldatu da, argi ultramore bidez hasitako tiol-eno erreakzioaren eta 2D inprimaketaren bidez elastomeroa lortzeko. Hortaz, kimikoki transformatutako polimeroaren karakterizazio kimikoa eta ondoren argi bidez ekoiztutako elastomeroaren karakterizazio fisiko-kimikoa, termo-mekanikoa eta erreologikoa egin da, estrategia kontrolatutik datozen poliuretanoen erabilera aurreratua frogatzeko.