Suizidio-ideiagintzaren identifikazioa sare sozialetan
View/ Open
Date
2023-11-28Author
Gracia Urzelai, Sara
Metadata
Show full item recordAbstract
[EU] Azken urteetan suizidioa gizartearen kezka nagusietako bat bihurtu da. Gainera, sare sozialak gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira eta emozioak adierazteko erabiltzen dira askotan. Hizkuntzaren prozesamenduaren arloan gero eta ugariagoak dira sare sozialetako testua abiapuntutzat hartuta suizidio-ideiagintza zein beste nahasmendu psikologiko batzuen zantzuak erakusten dituzten mezu zein erabiltzaileak detektatzeko egindako saiakerak. Proiektu honetan suizidio-ideiagintzaren ikerkuntza arloan ohikoak diren bi atazei egin zaie aurre Reddit sare sozialeko ingelesez idatzitako mezuak abiapuntutzat hartuz.
Alde batetik mezuen analisi linguistikoa gauzatu da ikasketa sakonean oinarritutako UDPipe analizatzailea erabiliz, besteak beste. Analisi honetatik ondorioztatu da suizidio-ideiagintzarekin erlazionatutako mezuak luzeagoak izan ohi direla eta lehen pertsona singularreko izenordain gehiago erabiltzen dituztela.
Bestalde, mezuen gaineko sailkapen bitarra landu da hauek suizidio-ideiagintzaren zantzuak erakusten dituzten ala ez erabakitzeko. Horretarako bi hurbilpen ezberdin eraiki dira. Alde batetik artearen egoerako sistemak erabili dira, baliabide konputazional asko kontsumitzen dituztenak. Bestetik, mezuak errepresentatzeko modu alternatibo bat proposatu da, LDA topiko-eredua erabiltzen duena, eta sinpleagoak diren sailkatzaileen gainean probatu da. Bi hurbilpen hauekin lortutako emaitzak alderatzean ondorioztatu da ataza honetan topiko-ereduak baliagarriak direla mezuak errepresentatzeko eta oinarrizkoagoa den hurbilpenarekin artearen egoerako ohiko neurona-sareen errendimendura gerturatzea posible dela, ez ordea transformerren emaitzetara. Izan ere, transformerrek lortutako emaitzak nabarmenki gailentzen dira gainontzeko ereduek eskuratutakoetatik, % 97,9ko asmatze-tasara iritsiz (neurona-sareek lortutakoak baino 6 puntu gehiago).
Amaitzeko, egindako lanarekin ikusi da ikerketa-esparru honetan badagoela zer egina eta etorkizunerako norabide ezberdin ugari zabaldu dira, hala nola, beste ezaugarri linguistiko batzuk aztertzea, emojien erabilera ikertzea edota mezuen errepresentaziorako aldaera ezberdinak probatzea.