Abstract
Lan honetan -ko erlazio-atzizkia duten sintagmen kokapena (izenaren aurrekoa eta izenaren ostekoa) aztertzen da ikuspuntu diakronikotik. Atzizkiaren funtzioa izenen modifikatzaileak sortzea da, adberbioetatik, leku kasua, instrumentala edo postposizioa duten izenetatik eta izen-multzoetatik. Helburua da hitz-ordenaren bariazioa deskribatzea eta erabileran eragina zuten faktoreak identifikatzea. Proposatzen da izen osteko -ko modifikatzaileak sortu zirela erlazio-atzizkia zuten sintagma batzuk adjektibo bezala lexikalizatu zirelako, eta adjektiboari zegokion kokapenean hasi zirela jartzen, hau da, izenaren eskuinean.