Beasaingo gazte-hizkera aztergai: testuinguruaren eragina kode-alternantzian
View/ Open
Date
2024-05-03Author
Aiestaran Iparragirre, Maddi
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Gradu Amaierako lan honek gazte-hizkeran gertatzen den hizkuntza-txandakatzea hartu du aztergai. Zehazki, Beasaingo gazteen lagun-talde baten hizkeraren gaineko azterketa enpirikoa egin da.
Hizkuntza-txandakatzea fenomeno diskurtsibo eta linguistiko arrunta da elebidunengan (Ezeizabarrena & Aeby, 2010), baina gazteen arteko ahozko elkartrukeetan ere maiztasun handikoa gerta liteke, eta hizkuntza ikaskuntzarekin edo hizkuntza galera bezalako fenomenoekin ere erlazionatu liteke. Alabaina, Gumperzen arabera (1982), kode-alternantzia fenomeno linguistiko bezain soziala da. Halaber, gazte-hizkerak ekintza sozial bat burutzea izaten du xede (Amorrortu, 2003); hain zuzen, solaskideei eta solaskide ez direnei mundu sozialaren aurrean agertzeko modu kolektibo zehatz bat adieraztea. Horrek azal dezake, euskal gazteek ere haien arteko solasean kode-alternantzia erabiltzeko erakusten duten joera (Ibarra, 2011).
Orain arteko lanetan erakutsi da gazte-hizkerak ezaugarri bereizgarriak dituela eta hizkuntza-txandakatzeak garrantzi handia duela gazte-hizkeraren eraikuntzan. Gradu amaierako lan honetan Beasaingo gazte talde baten lagunarteko eta familiarteko elkartruke batzuk grabatu eta transkribatu dira. Haien azterketarekin ikusi nahi izan da Beasaingo gazte horien eguneroko hitzezko portaerak lagunartean edo familian, biak egoera komunikatibo informalak izanda, zein ezaugarri erakusten dituen kode-alternantziari begira. Uste dugu konparaketa honek gazte-hizkerak kode-alternantziari begira dituen ezaugarri bereizgarriak azaleratzen utzi dezakeela.
Gazteen hizkera unean uneko testuinguru komunikatiboari hertsiki lotutako fenomeno gisa aztertu beharra kontuan izanik (Lantto, 2015), kode-alternantziaren erabileran testuinguru batetik bestera zer alde dauden identifikatzea izan da lan honen helburu nagusia. Horretarako, kode-alternantziaren alderdi pragmatikoan, sintaktikoan eta lexikalean jarri da gehienbat arreta, eta alderdi linguistiko bakoitzaren arabera aztertu dira lortutako emaitzak.
Azterketa enpirikoa egite aldera, Beasaingo gazteak grabatu dira lagunarteko eta familiarteko elkartrukeetan. Bi elkartruke motak aztertu eta konparatzean lortutako emaitzek erakutsi dutenez, corpusean parte hartu duten gazteek komunikatzeko baliabideen hautu desberdina egiten dute testuinguru komunikatiboaren arabera: kuantitatiboki, testuinguruaren arabera solaskideek kode-alternantziarako joera gehiago edo gutxiago dutela erakutsi dute emaitzek: ia bikoitza da solaskideek lagunarteko testuinguruetan darabilten kode-alternantzia kasuen kopurua. Bestalde, kualitatiboki, kode-alternantziaren erabileran desberdintasunak atzeman ditugu bi testuinguruen artean: lagunarteko elkartrukeetan baliabide linguistiko-diskurtsiboen erabilera konstanteagoa eta errepikakorragoa da familiarteko elkartrukeetan baino.
Lanaren ondorio nagusia izan da gazteek nabarmen moldatzen dutela beren hizkera testuinguruaren eta elkartrukearen izaeraren arabera, testuinguruak eremu informalekoak izanda ere. Beraz, ondorioztatu dugu testuinguru formalaren eta informalaren arteko bereizketaren baliagarritasuna ukatu gabe, ez dela irizpide nahikoa elkartruke mota ezberdinetako aldakortasun linguistikoa azaltzeko. Komunikazio parametroen azterketa zehatzagoa egitea komeni da, solasaren generoak edo azpi-generoak aintzat hartuta (Alegria, 2009).
Lan honek euskarazko gazteen ahozko jardunaren eta solasaren inguruko ikerketarako baliagarri izan nahi du. Azterketa pilotu honetan lortutako emaitzetatik abiatuta, datu berri gehiago lortzea litzateke hurrengo urratsa gazte-hizkeraren ezaugarri esanguratsuak deskribatzen jarraitzeko. Aurrera begira, Beasaingo gazte talde desberdinetara hedatu nahi litzateke azterlan hau, eta ikertzeko dauden lan-ildoei heltzeko abiapuntu izan.