Hispaniako Antzinateko sarkofagoen spolia Erdi Aroan
View/ Open
Date
2024-05-06Author
Rodríguez Cueva, Sarai
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Erromatar kulturan, II. mendetik aurrera hildakoen gorpuak errausteko ohitura bertan behera utzi zen, jentilek zein kristauek gorpuen ehorzketa hileta-praktikatzat hartu baitzuten. Hori dela eta, material ezberdinetako sarkofagoak ekoiztu ziren hildakoen gorpuak biltegiratzeko. Hileta-objektu horiek, nagusiki, Erroman kokatutako tailerretan ekoitzi ziren, eta handik Inperioko beste toki batzuetara esportatu ziren. Hala ere, tokian-tokiko tailerrak ere egon ziren. Horregatik, gaur egun Europako eta Espainiako testuinguruan Antzinako sarkofago asko aurkitzen ditugu. Hala ere, adibide gehienak jatorrizko testuingurutik kanpo aurkitu dira, Erdi Aroko gizarteak espoliatu baitzituen.
Gradu Amaierako Lan honetan, Erdi Aroko gizarte kristauak eta musulmanak hispaniar testuinguruan gauzatu zituzten Antzinateko sarkofagoen berrerabilpen materialak (spolium in se) aztertuko dira. Izan ere, objektu horiek ikertuz, Erdi Aroko gizartearen pentsamoldea eta jarrera ulertzeko aukera izango dugu.
Horretarako, lehenik eta behin, spolium terminoak Erdi Aroan zuen esanahia ulertu behar da. Termino horrek historian zehar adiera ezberdinak izan ditu eta, beraz, funtsezkoa da haren jatorria eta bilakaera denboran zehar aztertzea. Antzinatean, hitz hori batailetan lortutako gerrako trofeoekin lotzen zen. Erdi Aroan, aldiz, kontzeptu horrek interpretazio desberdinak hartu zituen, hala ere, Antzinaroan zituen konnotazio negatiboak mantentzen jarraitu zituen. Errenazimentuan, ordea, gaur egun ematen diogun esanahia garatu zen, hau da, Antzinako materialen berrerabilera. Azkenik, ezinbestekoa da XX. mendean spolia in se eta spolia in re arteko bereizketa nabarmentzea, spolia in se fenomenotik ikertuko baitira lanaren adibideak.
Ondoren, Erdi Aroko gizarteak egindako spolia motak miatuko dira. Lehenik eta behin, kristauek egindako berrerabilpenak arakatuko dira, horren adibide anitzak aurkitu baitira. Berrerabilera horiek hiru kategoria nagusitan sailka daitezke: hileta-funtzioa, funtzio arkitektonikoa eta altzari-liturgiko funtzioa izan zutenak. Sarkofago bakoitza aukeratzeko arrazoia desberdina bazen ere, sarkofago pagano eta paleokristau guztien materialak eta ikonografiak prestigioa ematen zuten. Bestetik, musulmanek egindako berrerabilerak aztertuko dira; izan ere, Antzinako sarkofagoak erabili zituzten beren boterea justifikatzeko, bai ur-pila gisa edo eraikuntza-material gisa. Laburbilduz, bi kultura horiek Antzinako sarkofagoak espoliatzera eraman zituzten arrazoiak ikertuko dira Erdi Aroko gizartearen izaera ulertzeko asmoz.