Narratologia feminista eta Ernauxen eragina Irati Elorrietaren Neguko argiak eleberrian
View/ Open
Date
2024-05-06Author
Aldalur Irazusta, Joane
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Lan honen helburua Irati Elorrietaren Neguko argiak (2018) eleberriaren
azterketa narratologiko feminista egitea eta, bereziki, Annie Ernauxen Les Annèes
(2008) nobelarekiko testuartekotasun eragina aztertzea da. Horretarako, lehenengo
atalean azterketa narratologikoan beharrezkoak izango diren tresnak zehaztu eta horien
inguruan aritzeko marko teoriko-metodologikoa zehaztuko da, beti ere narratologia
feministaren ildotik. Hain zuzen, Lanserren (1992; 1996) narratologia feministari jarriki
egituratuko da marko teorikoa eta, hori horrela, lehendabizi ahots narratiboari
erreparatuko diogu egile ahotsa, ahots pertsonala eta ahots komunitarioa bereiziz.
Bestetik, narratologia feministak espazioa eta testuartekotasun kontzeptuen inguruan
eginiko xehetasunak ere jorratuko dira.
Bigarren atalean, Irati Elorrietaren literaturaren inguruko zertzelada nagusiak
aurkeztuko dira lehenik, Burbuilak (2008) eta Neguko argiak (2018) liburuetan
oinarrituz, bereziki; kontakizun denak Berlinen girotzen diren neurrian. Gradu
Amaierako Lan honen hirugarren atalean eleberriaren azterketa zehatzari ekingo zaio.
Analisi honetan, ikuspegi feministatik landuko dira eleberriko ahots narratiboa, espazioa
eta testuartekotasuna. Ahots narratiboari dagokionez, Lanserren ahots komunitarioak
bereganatzen duen garrantziari erreparatuko zaio; espazioa lantzerakoan, aldiz,
literaturako etxearen ulerkera feministari; eta azkenik, testuartekotasunean Annie
Ernauxen eragina nabarmenduko da. Amaieran, azterketatik eratorririko ondorio
nagusiak aurkeztuko dira, eta bibliografia zerrenda erantsiko da APA 7 arauei jarraituz.