Melatonina suplementazioak loan duen eragina insomnioa pairatzen duten helduetan: berrikuspen bibliografikoa
View/ Open
Date
2024-10-07Author
Diez Lure, Uxue
Metadata
Show full item recordAbstract
Sarrera: Insomnioa loaren nahasmendu ohikoena da, munduan helduen %10-30ari
eragiten diona. Loa osasuna eta ongizatea mantentzeko beharrezkoa den prozesu
fisiologikoa izanik, beharrezkoa da loaren nahaste hau eraginkortasunez tratatzea. Egun,
benzodiazepinak erabiltzen dira nagusiki nahaste hau tratatzeko; oro har, hipnotiko
hauen kontsumoa Espainian munduko altuena da. Farmako horien albo ondorioak eta
insomnioaren intzidentzia gorakorra dela eta, beste tratamendu alternatibak baloratzeko
eta aztertzeko beharra dago. Horren aurrean, melatonina exogenoa interes handiko
tratamendu aukera izan daiteke.
Helburu: Berrikuspen bibliografiko honen helburu nagusia insomnioa pairatzen duten
helduetan melatonina suplementazioak loan duen eragina aztertzea da.
Metodologia: Bilaketa-sistematikoa 2023ko abendutik 2024ko otsailera egin da, eta
ikerketa galderari erantzuna emateko PIO egitura jarraitu da. Bertatik identifikatu diren
DeCS eta MeSH deskriptoreak eragile bolearrekin konbinatuz lortu den
bilaketa-estrategia PubMed, BVS, Dialnet eta Cochrane datu-baseetan erabili da.
Ondoren, bilaketa-sistematikoan lortutako emaitzei iragazkiak zein ezarritako
barneratze- eta baztertze-irizpidek aplikatu eta berrikuspen bibliografiko honi erantzuna
ematen dioten emaitzak lortu dira.
Emaitzak: Berrikuspen bibliografiko honek 13 artikulu biltzen ditu eta horietan
melatoninaren eragina ondorengo parametroetan aztertzen da: loaren latentzia denbora,
loaren eraginkortasuna, loaren iraupen totala eta lo hartu ondorengo esnatzeak.
Eztabaida: Lehenik eta behin, loaren latentzia denboraren kasuan, melatoninak 2-30
minutu bitarteko aldea erakutsi zuen plazeboarekin alderatuta, batez ere askatze luzeko
melatonina erabiltzen zen kasuetan. Hurrengo parametroarekin jarraituz, melatoninak
insomnio pairatzen duten helduen loaren iraupen totala 8-50 minutu bitartez luzatu
dezakeela dio ebidentziak. Amaitzeko, loaren beste parametro objektiboei dagokionez,
hau da, loaren eraginkortasuna eta lo hartu ondorengo esnatzeak; melatoninak ez zuen
eragin esanguratsurik izan. Orokorrean ez zen kontrako ondorio larririk jakinarazi
melatoninaren inguruan.
Ondorioak: Melatonina suplementazioa eraginkorra da insomnio pairatzen duten
helduen latentzia denbora eta loaren iraupena hobetzeko. Aldiz, ez du eraginkortasunik
loaren eraginkortasunean eta lo hartu ondorengo esnatzeetan. Hala eta guztiz ere,
ikerketa gehiago beharrezkoa da gai honen inguruan.