Argudio-testuak Batxilergoko ikasle euskaldunengan, euskaraz eta gazteleraz
Laburpena
Egunerokoan eta, askotan, konturatu gabe ere erabiltzen dugun testua da argudiozkoa. Bai ahozko bai idatzizko egoeratan aurkitzen ahal dugu hau erabiltzeko beharra.
Hau ikusita, zalantza batzuk agertu zitzaizkigun, hezkuntzari eta, zehatzago esateko, hezkuntza elebidunari lotuak. Izan ere, jakin nahi genuen testu generoen lanketa nolakoa zen ikastetxeetan, baita euskarazko eta gaztelaniazko produkzioa parekoak ote ziren ere, eta hala ez balitz, haien arteko desberdintasunak zeintzuk ziren.
Xehetasunak Gradu Amaierako Lan honetan aurrerago joan ahala ezagutuko baditugu ere, gure zalantzak argitzeko Nafarroako Institutu Publiko batera jo genuen eta hango D ereduko Batxilergoko ikasle batzuei eskatu genien argudio-testuak idazteko, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Horrela, gure azterketa aurrera eraman ahal izan dugu.
Lan hau alderdi teoriko eta praktikoa uztartuz egin dugu. Hasteko, sarreraren ondoren, argudio-testuari buruzko informazio teorikoa eman dugu: zer den, ezaugarri nagusiak zeintzuk diren, argudio-testu motak… Jarraitzeko, aintzat hartu ditugu euskara eta gaztelaniaren arteko ukipena eta harremana, eta hauei buruz hausnarketa egin dugu: ikasle elebidunak, curriculuma, irakaskuntzak bateratua izan beharko lukeen eta gaitasunak eta transferentziak. Ondotik, lanerako metodologia eta corpusa zeintzuk izan diren zehaztu dugu.
Hauek eta gero, atal praktikoena aurkituko dugu, testuen azterketarena, alegia. Analisi honek hainbat alderdi biltzen ditu bere baitan: testuen luzera (hitz eta paragrafo kopuruari so eginez); testuen egitura nola osatu duten ikasleek; testuen antolaketa eta konexioa nola egin duten (testu-antolatzaile aurkezleak, diskurtsoari aurrera egitekoak, lotura lineala egitekoak, arrazoiak kontrajartzekoak eta ondoriozkoak); testuen kohesioa eta amaitzeko, testuen modalizazioa nola egin duten ikasleek. Oro har, atal praktiko honetan ikasleek zein baliabide dituzten eta hauek nola erabiltzen dituzten ikusi eta azaleratu nahi izan dugu. Horretaz gain, euskara eta gaztelaniaren arteko konparazioa egin dugu, ikasleengan interdependentziaren teoriak eragin praktikorik ote duen jakiteko.
Bukatzeko, aztertutako alderdi teoriko eta praktikoek zein ondorio ematen diguten eta zein konklusio ditugun aipatuko dugu ondorioetan. Gainera, Gradu Amaierako Lan honen oinarri eta ezinbesteko zutabe diren ikasleen testuak aurkituko ditugu bibliografiaren ondotik, eranskin modura lanari gehituta. Ikastetxeko irakasle eta ikasleen laguntzarik gabe ez zatekeen lan hau egitea posible izanen. Mila esker honek aurrera egiteko eman diguzuen laguntzagatik. Euskaraz