Esklerosi anizkoitzak pertsonarengan duen eragina eta honi eman beharreko erizaintza zainketak
Abstract
Sarrera: esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasun kroniko, autoimmune, desmielinizatzaile eta hanturazkoa da. Gaixotasunaren intzidentziak gora egin du azken urteotan mundu osoan, eta gaixotasuna sendaezina den heinean, paziente hauen bizi-kalitatean eragin handia du. Erizainaren papera funtsezkoa da azken hau hobetzeko, nahiz eta ez egon guztiz protokolizatuta honen eginbeharrak.
Helburuak: lan honen helburu nagusia EAk pertsona helduarengan duen eragina aztertzea eta alor honetan erizainak eman ditzakeen erizaintza zainketak zehaztea da.
Metodologia: errebisio bibliografikoa egin da PIO egitura batetik abiatuz. Honetarako ondorengo datu baseak aukeratu dira: Biblioteca Virtuan en Salud, Medes, Pudmed, Cuiden eta Dialnet. Horrez gain, web-orrialde ezberdinak kontsultatu dira: European Multiple Sclerosis Platform eta Fundación Esclerosis Múltiple Madrid. Guztira, 32 aipu erabiliz errebisioa burutzeko.
Emaitzak: kaltetuta dagoen nerbio-sistema zentraleko atalaren arabera, EAn sintoma ezberdinak azalduko dira. Sintoma fisiko adierazgarriena eta ezgaitasun handiena sortzen duena nekea da, arlo psikosoziala ere kaltetuta agertuz. Honek guztiak eragiten du pertsonen bizi-kalitatea okerragoa izatea, populazio orokorrarekin alderatuz. Honen inguruan erizainak eman beharreko zainketen kontsentsu bat ez egon arren, ebaluazioan, arretaren koordinazioan, heziketan, kontaktuaren maneiuan... jarduten dute hauek. Hainbat ikerketek baieztatu dute erizaintza zainketa ezberdinen eragina, paziente hauen bizi-kalitatea hobetze aldera.
Eztabaida: EA duten pazienteei gehien eragiten dien sintoma nekea dela bat datoz autore ezberdinak, alderdi psikosoziala alde batera utzi gabe. Zaila izan da erizainaren papera zehaztea, ez dagoelako kontsentsu bat honen inguruan, baina ikerketek erakutsi dute zainketa ezberdinak bizi-kalitatean eragin positiboa dutela. Artikuluek azpimarratzen dute bai ikerketan, eta bai protokolo eta giden eraketan dagoen hutsunea.
Ondorioak: gaixotasunaren ondorio diren zeinu eta sintoma guztiek pazienteen bizi- kalitatea kaltetzen dute. Erizaina ezinbesteko pilare bilakatzen da paziente hauen artatzean, nahiz eta bere papera guztiz finkatuta ez egon. EAren inguruan espezializatutako erizainaren kontzeptua oraindik oso zabalduta egon ez arren, ekartzen dituen onurak direla eta garatu beharreko zerbait dela ondorioztatu da.