1. OROKORTASUNAK
2. IDENTIFIKAZIOA ETA SARBIDEA
3. EGILEAK ETA DOKUMENTUAK.
4. ERREGISTROEN BIDALKETA.
5. JABETZA INTELEKTUALA, EGILE ESKUBIDEAK ETA CREATIVE COMMONS LIZENTZIAK
1. OROKORTASUNAK
1.1. Zer da sarbide irekia (Open Access)?
SARBIDE IREKIA da LITERATURA ZIENTIFIKOA Interneten denen eskura egotea, edozein erabiltzailek irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu edo literatura zientifiko horren beste legezko edozein erabilera egiteko, baina finantza, teknika edo bestelako mugapenik izan gabe. MUGAPEN BAKARRA da egileei beren obraren osotasuna kontrolatuko zaiela bermatzea eta haien lanagatik aipatuak izan eta behar adinako aitorpena jasotzeko eskubidea beteko dela.
1.2. Zer da gordailu bat?
Gordailuak Open Access mugimenduaren barruan sartu beharko genituzke. Beste era batera esanda, objektu digitalak gordetzeko (datuak eta metadatuak) erabiltzen diren artxibotzat jo daitezke. Objektu digital horiek testu, irudi, soinu, eta abarren formatua izan dezakete. e-print komunitatetik sortu ahal dira gordailuetan utzitako lanen hedapena eta eragina maximizatzeko, eta horien babesa bermatzeko.
1.3. Zer da ADDI?
ADDI, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Irakaskuntza eta Ikerketarako Artxibo Digitala, dokumentu digitaletarako gordailu bat da, helburua duena Euskal Herriko Unibertsitatean egiten diren irakaslan eta ikerlanen ekoizpen intelektuala sarbide ireki gisa antolatu, artxibatu, zaindu eta hedatzea.
1.4. Zer da jabetza intelektuala?
Komunitate eremuan, oro har, jabetza intelektualtzat hartzen da giza adimenak sortzen duen guztia eta, funtsean, bi adarretan bereizten da:
- Egilearen eskubidea, bere baitan hartzen dituena lan literarioak eta artistikoak (eleberriak, olerkiak eta antzezlanak, filmak, musika obrak; artelanak, marrazkiak, margoak, argazkiak eta eskulturak, diseinu arkitektonikoak, etab. ).
- Jabetza industriala, bere baitan hartzen dituena esku hartzeak, patenteak, markak, marrazkiak eta industria ereduak eta jatorriko adierazle geografikoak, etab.
Espainiako marko juridikoan Jabetza Intelektualari buruzko Legeak egile eskubidea bakarrik du hizpide. Industria jabetza, berriz, patente, marka eta abarren bidez babesten da. Espainiako lege nagusia Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina da, 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak, apirilaren 12koak, onartu zuena.
Aipatutako lege horren 2. artikuluak xedatzen duenez, “Jabetza intelektuala izaera pertsonaleko eta ondare-izaerako eskubidez osatuta dago; eskubide horiek obra xedatzeko esku osoa eta hura ustiatzeko eskubide esklusiboa ematen diote egileari, legean ezarritakoak beste mugapenik gabe”.
1.5. Zer eskubide aitortzen ditu Jabetza Intelektualari buruzko Legeak?
Jabetza intelektuala ondare eskubidez eta eskubide moralez osaturik dago.
Ondare eskubideak dira obraren titularrari bere obra hirugarren pertsonek erabiltzeagatik konpentsazio ekonomikoa jasotzeko aukera ematen diotenak. Honela ordena daitezke eskubide horiek:
- Ustiapen eskubideak, bereziki erreproduzitzeko, banatzeko, publikoari komunikatzeko eta eraldatzekoak (Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 17. art.), bilduma eskubidearekin batera (lege beraren 23. art.)
- Ordainsari arruntaren eskubideak, esaterako erreproduzitzeagatik, kopia pribatuagatik (aipatutako legearen 25. art.); hedatu, birsaldu eta mailegatzeagatik (aipatutako legearen 24. eta 37.2 art.); publikoari komunikatzeagatik, ikus-entzunezkoen komunikazio publikoagatik (aipatutako legearen 90.3 eta 4 art.)
Eskubide moralek egileari aukera ematen diote hainbat neurri hartzeko obrarekiko batuketa zaindu nahian (aipatutako legearen 14. art.). Egileari dagozkio eskubide uko egin eta besterezin hauek:
- Obraren zabalkundea.
- Obraren egiletza aitor dakiola exijitzea (atribuzioa).
- Obraren osotasuna gorde dadila exijitzea.
- Obra aldatzea eskuratutako eskubideak errespetatuta.
- Obra merkatutik erretiratzea bere iritziak aldatzeagatik, aurrez kalte galerak ordainduta ustiapen eskubideen titularrei, eta obraren ustiapen eskubideak aurreko titularrek dituztela aitortuta, baldin eta beren obra berriro ustiatzen hastea erabakitzen badute.
- Irispidea izatea obraren ale bakar edo bakanera, hura beste norbaiten esku dagoenean.
Bada, bestalde, bestelako eskubide erantsi edo antzekorik, artista, interpretatzaile, exekutatzaile, argazkilari, fonograma eta ikus-entzunezko grabazioen ekoizle, eta irrati hedapeneko entitateen sormen jarduerak babesten dituenik. (aipatutako legearen 105etik 137ra bitarteko artikuluak).
1.6. Zein dira ADDIn autoartxibatzeko onurak?
Hauek dira formatu digitalez egindako lanak Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) gordailuan artxibatzeko abantailetako batzuk:
- Interneten bidez lagun askoren eskura egongo direnez, lanok gehiago hedatu eta eragin handiagoa izango dute, baita jende gehiagok ikusi ere.
- Irakurle gisa, ikertzaileak irabazle ateratzen dira, erakundeak egindako harpidetzagatik ikusi eta erabili ahal dituzten ikerlanak ez ezik, beren arloan argitaratutako ikerlan guztiak ikus ditzakete, baita horien testu osoa erabiltzeko aukera izan ere.
- Lanon kontsulta eta deskargei buruzko datu estatistikoak lortu ahalko dira.
- Sarbide zentralizatuko gunea izango da, irakasle, ikertalde, hezkuntza berriztatzeko talde eta, oro har, unibertsitateko kideen ekoizpen zientifiko edo dozentea lortzeko.
- Identifikatzaile iraunkor eta egonkorrak erabiliko dira (handles) gordailuan utzitako material bakoitzerako.
- Material digitalak luzaroan zainduko dira.
- Beste erakunde, irakasle, ikertzaile eta abarrekiko lankidetza areagotuko da ─batik bat garrantzitsua izango da garatze bidean dauden herrialdeei dagokienean─, ezagutza irekia eta partekatua bultzatuta.
- Lanen egilea zein den egiaztatuko da lanak Interneten jarrita.
- Nazioko eta nazioarteko politikak beteko dira funts publikoz finantzatutako ikerlanetatik ateratako argitalpenak sarbide irekian gordailuan uzteko derrigortasuna dela eta.
2. IDENTIFIKAZIOA ETA SARBIDEA
2.1. Nor erregistratu ahal da ADDIn?
Unibertsitateko kide guztiak: ikasleak, ikertzaileak, irakasleak. Horretarako, baimena eskatu behar da ondoko helbide elektronikoan: addi@ehu.es
2.2. Nola sartu ahal naiz sisteman?
Emandako baimena berretsitakoan, unibertsitateko posta elektronikoaren bidez eta pasahitza jarrita.
2.3. Nire pasahitza ahaztu dut. Zer egin ahal dut?
"Zure pasahitza ahaztu duzu?” sakatu eta horko jarraibideak bete. Mezu elektroniko bat iritsiko zaizu pasahitz berria izateko.
3. EGILEAK ETA DOKUMENTUAK.
3.1. UPV/EHUko irakaslea naiz. Zer argitaratu ahal dut ADDI erakunde gordailuan?
Argitaratu ahal duzu UPV/EHUko irakats jardueran edo ikerlanean sortutako edozein dokumentu: irakats materiala, tesiak, preprint, postprint, artikuluak, komunikazioak, biltzarrak, etab.
Informazio gehiago nahi izanez gero: ADDIrako gida, UPV/EHUren gordailua.
Zalantzarik izanez gero, helbide elektroniko honetara bidali: addi@ehu.es
3.2. UPV/EHUko ikertzailea naiz, zer argitaratu ahal dut ADDIn?
UPV/EHUko ikerketan sortutako edozein dokumentu mota argitaratu ahal duzu: tesiak, artikuluak, preprint, postprint, komunikazioak, biltzarrak, aipamenak, etab.
Informazio gehiago behar izanez gero, kontsultatu UPV/EHUren ADDI gordailurako gida.
Zalantzarik izan edo kontsultaren bat egin nahi izanez gero, helbide honetara helarazi: addi@ehu.es
3.3. UPV/EHUko ikaslea naiz. Zer argitaratu ahal dut UPV/EHUren ADDI erakunde gordailuan?
UPV/EHUn egindako gradu, karrera edo master amaierako lanak argitaratuko dira, baldin eta, kalitatea bermatzearren, gutxieneko nota gainditzen badute.
Zalantzarik izan edo kontsultaren bat egin nahi izanez gero, hona helarazi: addi@ehu.es
3.4. Erregistro bat sartu nahi badut gordailuan baina dagokion bilduma ez badago, zer egingo dut?
Ondoko helbide elektronikora jo: addi@ehu.es
3.5. Ba al dago gordailuan uzterik lehenago argitaratutako tesiak?
Bai, baldin eta egile eskubideak editore bati esklusibotasunean laga ez badizkiozu. Ez badakizu zer baldintzatan transferitu dituzun zure ustiatzeko eskubideak, hemen kontsultatu:
- Argitaratzeko arauak onartzeko orria edo eskubideak lagatzekoa, aldizkari edo biltzarren kasuan.
- Edizio kontratua monografien kasuan.
3.6. Dokumentua lehenago aldizkari, liburu edo beste nonbait argitaratu bada, zer bertsio artxibatu behar dut ADDIn?
Kontuan hartu beharko da editorialak gordailuetan artxibatzeko duen politika zein den. Bada argitaratutako behin betiko PDFa (editorearen bertsioa)sarbide irekian uzteko aukera ematen duen editorialik. Beste batzuek, berriz, behin betiko bertsioa, baina aztertzaileek proposatutako aldaketekin (post-print) edota ikuskatzeko aldizkarira bidalitako hasierako bertsioa (pre-print). Edonola ere, ADDIren administratzaileek konprobatuko dute zein den editorialak horri buruz duen politika dokumentua sarbide irekian jarri baino lehen.
3.7. Zenbait politika editorialek nire preprint bakarrik gordailuan uzteko aukera (edo nire postpint) ematen dute. Nola definitzen dira?
Oro har, preprint bertsioak egilearen parekoen zuzenketaren (“peer rewiew”) aurretiko kopia pribatuarekin du zerikusia. Prozesu hori gainditu duena litzateke post-print bertsioa.
3.8. Nola ezagutuko dut aldizkariek eta editorialek copyright delakoaz eta erakunde gordailuetan autoartxibatzeaz duten politika?
Aldizkari eta editorialen politika ezagutzeko Sherpa/Romeo (nazioartean) eta Dulcinea (Espainiako aldizkari zientifikoak) datu baseak kontsultatu ahal dira, eta editorialen web orrietara ere jo daiteke.
3.9. Ba al da, ADDIn jada argitaratu diren baliabideetan, bestelako bertsioak eransterik?
Ez. Ezin da hori egin. Dokumentu bat baino gehiago badago bertsio desberdinekin edo hizkuntza batean baino gehiagotan…, beti sartu behar da erregistro berria balitz bezala: dokumentu desberdintzat jotzen ditugu eta.
Esanak esan, bada gordailuan utzitako dokumentua ordezkatzerik baldin eta akatsik edo zuzendutako bertsiorik badago eta aurrekoa gorde nahi ez bada.
Horri buruzko dudarik edo kontsultarik egin nahi izanez gero, ondoko helbide elektronikora jo: addi@ehu.es
3.10. Gaur egun, nire lanak nire web orrian uzten ditut. Zer abantaila ditu erakunde gordailuak?
ADDI erakunde gordailuak metadatuak esleitzen dizkio dokumentu bakoitzari eta Open Archives Initiative (OAI-pmh) protokoloa erabiltzen du. Horrek aukera ematen du lanak berreskuratzeko Google bilaketen bidez edota Google Scholar bidez, bilaketaren lehenengo tokietan kokatuz.
Bestalde, dokumentu bakoitzari esleitutako metadatuek ahalbidetu egiten dute dokumentua berreskura dadin modu normalizatuan eta egonkorrean interneteko gordailuetan espezializatutako bilaketa motorren bitartez: Recolecta, Hispana, ROAR, OpenDOAR, etab.
Gainera, URI (Handle) egonkor bat esleituta, lokalizazio egonkorra eta gaurkotze iraunkor bat ahalbidetzen du ondorio informatikoei begira.
3.11. Erakunde gordailua aldizkarietan argitaratzeari emandako alternatiba al da?
Ez. Egia esan, bateragarria eta osagarria da erakunde gordailuaren erabilera eta aldizkarietan edo bestelako ohiko argitalpenetan argitaratzea.
3.12. Aukerarik galduko al dut eragin faktore handiko aldizkarietan argitaratzeko nire ikerlana erakunde gordailuan uzteagatik?
Hasiera batean ez. Baina argi eta garbi izan behar da zein den editorialaren edo aldizkariaren politika eta noiz ematen duen aukera artikulua jendartera zabaltzeko, hainbatek ez baitituzte onartzen lehenago zabaldutako lanak.
4. ERREGISTROEN BIDALKETA.
4.1. Gordailuan erregistro bat sartu nahi badut eta dagokion bilduma ez badago, zer egingo dut?
Ondoko helbide elektronikora jo: addi@ehu.es
4.2. Nire lana berraztertu eta gero ADDIn jada argitaratuta dagoen dokumentu baten beste bertsio bat sartu nahi dut. Nola egingo dut?
Beste bertsio bat sartu nahi baduzu (beste hizkuntza batean, preprint, postprint…), erregistro berri bat sortu beharko duzu. Ezin zaio erregistro bakarrari bi bertsio desberdin eman, dokumentu desberdintzat jotzen baitira eta horietako bakoitzak bere erregistro propioa eta helbide iraunkorra (handle) izan behar ditu.
Horri buruzko dudarik edo kontsultarik egin nahi izanez gero, ondoko helbide elektronikora jo: addi@ehu.es
4.3. Zer fitxategi formatu sartuko ditut gordailuan?
Nahi duzun formatuan sartu ahal dituzu fitxategiak: testua (.doc, . txt, . odt,...), irudia (.gif, . jpg), bideoa, audioa, etab.
ADDIren gomendioa da epe luzera materialen zaintza bermatzen duten formatu irekiak erabiltzea, hau da, erabilerari dagokionez, lege eta ekonomi mugarik ez dutenak.
5. JABETZA INTELEKTUALA, EGILE ESKUBIDEAK ETA CREATIVE COMMONS LIZENTZIAK
5.1. Ba al du neure egile eskubideetan eraginik erakunde gordailuan uzteak? Nire lanari buruzko kontrola galduko al dut?
Inola ere ez. Zure egile eskubideak berberak dira. Komunikazio eskubidea lagatzen duzu, besterik ez, utzitako dokumentuari dagokionez. Hau da, lizentzia EZ ESKLUSIBO bat eskaintzen duzu zure lana modu digitalean mantendu eta hedatzeko. Zure eskubideak eskaini ahal dituzu Creative Commons lizentzia bat erabiliz, utzitako dokumentua erabiltzeko interesa dutenei nola egin ahal duten argituko baitie.
5.2. Nire lana ADDIn argitaratuz gero, plagio aukerak gehituko al dira?
Ez. Guztiz kontrakoa. Sarbide irekian dagoen materialak zure obra jende gehiagok ikusiko duela ahalbidetuko duenez, plagioa errazago detektatuko du tradiziozko argitaratzearekin alderatuta. Gainera, ADDIn utzitako dokumentu guztiak egile eskubideek eta hedapenerako lizentziek babestuta daude. Hortaz, zure lana beti egongo da babestuta.
5.3. Gordailuan utzi ahal dut jada aldizkari batean argitaratu, biltzar batean eta abarretan aurkeztu den dokumentu bat?
Egileak eskubide moral osoa du, baita ustiatzekoa ere. Hori horrela, dokumentua gordailuan utzi ahal du, beste kontu bat da haren lana ustiatzeko eskubidea hirugarren pertsona bati modu esklusiboan laga badio (esaterako, aldizkari bateko editoreari). Eskuarki, aldizkari batean argitaratzen denean, erreprodukzio eta edizio eskubidea editoreari transferitzen zaio. Hala ere, editorial gehienek aukera ematen dute artikuluaren bertsioetako bat (preprint, postprint edo editorialaren bertsioa ) autoartxibatzeko. Hortaz, gomendagarria da aurreko bertsioak gordetzea, baita data sets direlakoak ere, erakunde gordailutik zabaltzeko.
Egileak ustiatzeko eskubideren bat (erreprodukzio, banaketa edo komunikazio publikorakoa) hirugarren pertsona bati transferitu badio, egileak ezin du dokumentua gordailuan utzi editorearen baimenik gabe.
Egileak ez badaki bere ustiatzeko eskubideak zer baldintzatan transferitu dituen, hona jo dezake informazio bila:
Argitaratzeko arauak onartzeko orria edo eskubideak lagatzekoa, aldizkari edo biltzarren kasuan.
Edizio kontratua monografien kasuan.
Informazio hori ez badago, Interneten kontsultatu ahal dituzu SHERPA eta DULCINEA datu baseak, horietan aztertzen baitira editore komertzial zientifiko eta tekniko nagusien egile eskubideen politikak.
Edonola ere, dokumentua inoren esku jarri aurretik, ADDIren administratzaileek konprobatuko dute zurea, UPV/EHUko gordailuan, sarbide irekian utzi ahal dela.
Horri buruzko zalantzak argitu nahi izanez gero, gurekin jar zaitezke harremanetan helbide honetara joz: addi@ehu.es
5.4. Zer egingo dut sinaturik badut argitaratuta dagoen dokumentu bat gordailuan uzteko aukerarik ematen ez duen kontratu bat?
Egilea zaren aldetik, baimena eskatu ahal diozu zure lanaren editoreari eta ea horrek baimena espresuki eta idatziz ematen dizun.
5.5. ADDIn utzi ahal dut aurrerago argitaratu nahi dudan dokumentu bat (pre-print)?
Lana argitaratu gabe badago, inolako arazorik gabe egin ahal duzu. Dena dela, kontuan hartu beharko duzu, zure lana editatu nahi duzun tokiko argitaratze politikak, agian, argitaratu gabeko lanak bakarrik onartuko dituela.
Era berean, kontuan hartzekoa da aurrerago patente bat eskatzekotan bazaude, deskribatzen duen asmakizunaren edo argitalpenaren aurretiko edozein dibulgaziok berritasun horretan eta eskatutako patentearen balioan eragin ahal duela. Horrenbestez, kasu horretan, hobe duzu lana ez zabaltzea.
5.6. ADDIn utzi nahi al dut argitaratuko ez den dokumentu bat?
Dokumentu tipologia batzuk ez dira argitaratzen haien izaera dela eta (esaterako, lan dokumentuak, zenbait irakats material, etab.). Kasu horietan, egileak ditu dokumentu horien eskubide moral guztiak, baita ustiatzekoak ere. Beraz, gordailuan utzi ahal ditu inolako mugapenik izan gabe.
5.7. Ba al dut argitaratzerik nire tesia ADDI ez den beste inon?
Bai, UPV/EHUri egindako lagapena ez da esklusiboa. Gainera, ADDIn sartzea baliagarri izan ahal zaizu aurreragoko balizko argitaratzeei begira, lana ikusteko aukerak eta lanarekiko interesa handitzen baitira, erraz kuantifikatzeko modukoak dira sistemak eskaintzen dituen kontsultarako estatistiken bidez.
5.8. Ba al da ADDIn uzterik artikuluak argitaratuta dituen tesi bat?
Tesiaren artikuluak aldizkari espezializatuetan edota aldizkari zientifikoetan argitaratu badira, gordailuan utzi ahal dira editoreak horretarako baimena emanda. Aldizkari gehienek aukera ematen dute artikuluen kopia bat (preprint edo postprint bertsioarekin) erakunde gordailuetan sartzeko. Eskubideen lagapenak kontsultatzeko erabili ahal duzue Sherpa/Romeo (nazioarteko aldizkariak) edo Dulcinea (nazioko aldizkariak).
Editorearen baimena lortzen ez bada, ADDIn sartu ahal dira artikulu horiek erreproduzitzen ez dituzten tesiaren zatiak, esaterako tesiaren gorputza bera (sarrera, metodologia, emaitzak, etab.) eta artikuluen testua kendu eta erreferentzia bibliografiko bat jarri ahal da.
5.9. Nire lana ADDIn sarbide irekian utzita, nola babestuko dut erabilera desegokietatik (plagioa, xede komertzialetarako erreprodukzioa, etab.)?
Obra oro dago egile eskubideei buruzko legeriak babestuta. Hirugarren pertsonei eskubide batzuk emateko baldintzak zehaztu nahi badira, egileak Creative Commons lizentzia bat aukeratu ahal du.
Creative Commons irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da, sormen lanetarako eskubideen sistema malgu bat eskaintzen duena.
Creative Commons erakundeak lizentziez baliatzeko aukera zabala eskaintzen du, egile eskubideen ohiko sistematik hasita eta jabetza publikoarekin bukatuta. Creative Commons lizentzien bidez egileak bere lana erabiltzeko baimena ematen du, baina bere lanak babesturik jarraituko du.
Sistema horrek honela funtzionatzen du: obra bat sortu eta Internet bidez ustiatu nahi duen egileak Creative Commons lizentzietako bat aukeratu behar du eta, bere lana Interneten jartzen duenean, Creative Commons ikurrarekin identifikatu eta erabilera lizentzia eransten dio. Hartara, erabiltzaileek dokumentua eskuratzen dutenean, erraz ikusiko dute zein diren obra hori erabiltzeko egileak jarritako baldintzak.
5.10. Creative Commons izeneko zer lizentzia eredu mota daude?
Sei lizentzia mota daude:
Aitorpena: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, banatu, zabalkunde publikoa egin eta lan eratorriak sortzeko (itzulpena, egokitzapena, etab.) eta lanaren erabilera komertzial bat egiteko, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta.
Aitorpena – Lan eratorririk sortu gabe: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu, zabalkunde publikoa egiteko, baita lanaren erabilera komertziala egitekoa ere, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Dena dela, ez zaio baimenik ematen horren lan eratorririk sortzeko.
Aitorpena – Ez komertziala - Lan eratorririk sortu gabe: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu eta zabalkunde publikoa egiteko, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Dena dela, ez zaio baimenik ematen horren lan eratorririk sortzeko, ezta lana xede komertzialez erabiltzeko ere.
Aitorpena – Ez komertziala: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu, zabalkunde publikoa egiteko, baita lan eratorriak sortzeko ere, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Dena dela, ez zaio baimenik ematen lana xede komertzialez erabiltzeko.
Aitorpena – Ez komertziala - Berdin partekatu: aurreko lizentziaren baimenez gainera, lan eratorriak hedatzea ahalbidetzen da, baina horren izaera bereko lizentzia batekin bakarrik eta esklusiboki.
Aitorpena – Berdin partekatu: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu, zabalkunde publikoa egin eta lan eratorriak sortzeko, baita ere, lanaren erabilera komertzial bat egiteko, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Beste baimen horietaz gainera, lan eratorriak hedatzeko aukera ere ematen da, baina horren izaera bereko lizentzia batekin bakarrik eta esklusiboki.
5.11. Creative Commons izeneko zer lizentzia eredu erabili ahal dira ADDIn?
Aitorpena – Ez komertziala- Berdin partekatu: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu, zabalkunde publikoa egin eta lan eratorriak sortzeko, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Dena dela, ez zaio baimenik ematen lana xede komertzialez erabiltzeko. Gainera, lan eratorriak hedatzeko aukera ere ematen da, baina horren izaera bereko lizentzia batekin bakarrik eta esklusiboki.
Aitorpena – Ez komertziala- Lan eratorririk gabe: egileak baimena ematen du bere lana kopiatu, erreproduzitu, hedatu eta zabalkunde publikoa egiteko, betiere benetako egilea aipatuta eta onartuta. Dena dela, ez zaio baimenik ematen horren lan eratorririk sortzeko, ezta lana xede komertzialez erabiltzeko ere.
5.12. Ba al dute legezko baliorik Creative Commons izeneko lizentziek?
Bai. CC lizentzien bidez, zuk zeuk aukeratzen dituzu eskubideak eta lana hedatzeko modua, esaterako egiletza aipatzeko eskubidea edo lanaz egin ahal den erabilera komertziala. Copyright delakoaren edo ohiko egile eskubideen osagarri dira.
Creative Commons lizentzia bat erabiltzeak segurtasun juridikoa ematen du, egileak lagatako eskubideak ezagutzen baitira eta erabiltzaileak, bestetik, eskubide horiek nola erabili ere jakitun baita.
5.13. Norbaitek obrari erantsitako lizentzian jasotako baldintzak errespetatzen ez baditu, zer egingo dut?
Erabiltzaile batek lan bat Creative Commons lizentziarekin erabiltzea erabakitzen duenean, lizentziaduna bilakatzen da eta egileak hartutako lizentziaren baldintzak onartu eta errespetatzeko konpromisoa hartzen du.
Creative Commons lizentzia bat bete ez edo hautsiz gero, egileak, beste edozein lan eta lizentziarekin bezala, auzitegietara jo beharko du. Arau hauste zuzen batengatik denean (Creative Commons lizentziaren erabiltzaile batek eginda), egileak auzitara eraman ahalko du bai jabetza intelektuala hausteagatik bai kontratua ez betetzeagatik (lizentziak lotura zuzena sortzen baitu egilearen eta erabiltzailearen/lizentziadunaren artean).
Eskubide moralak (hedapen, atribuzio, osotasun eta abarri buruzkoak) Creative Commons izenekoetan lizentzia guztietan sartzen den aitorpen lizentziak babesten ditu. Lizentziek ez dituzte ez ordezkatu ez murriztu legeak egileari ematen dizkion eskubideak. Hortaz, erabiltzaile batek, Creative Commons izeneko edozein lizentzia gorabehera, lana aldatu edo moztu balu egilearen izen onari edo haren interesei kalte eginda, egileak auzitara eraman lezake. Esan gabe doa, epaile edo epaimahai batek erabaki beharko luke lana moztu den eta mozketa horrek egilearen izen onari eta interesei kalte egin dien.
5.14. Creative Commons lizentziak copyright delakoaren edo ohiko egile eskubideen kontrakoak al dira?
Ez, inola ere ez. Lanen hainbat eskubide lagatzeko balio dute, baina zenbait baldintza kontuan hartuta eta beste batzuk mantenduta. Egile edo sortzaile bakoitzak lizentzia egokiena aukeratzen du bere beharretarako.
5.15. Lizentzia “ez komertziala” aukeratzerakoan, dirua irabazten jarraituko dut nire lan lizentziadunekin?
Bai horixe. “Erabilera ez komertziala” baldintza zure lana erabiltzen dutenei bakarrik aplikatu ahal zaie, baina ez zuri (copyright delakoaren jabea baitzara). Beste pertsona batzuek zure lana salerosi edo kopiatzen badute, ezin dute egin "diru konpentsazio edo finantza etekinengatik". Zure baimena badute, bai, jakina.
Izan ere, jendeari bere lanarekin dirua irabazten lagundu ahal dion tresna bat da, lanen hedapena ahalik eta gehien hedatzeko aukera eman ahal baitie, copyright delakoaren alderdi komertzialen kontrola aldi berean mantenduz.