Nup93: informazio-bilketa eta proteomika ituratuaren bidez aztertzeko esperimentuaren diseinua
Abstract
Gaur egun informazio teknologiei esker edozein gairi buruz eskuratu dezakegun informazioa izugarria da. Proteinei buruzko informazioa leku askotan sakabanatuta dago eta informazio hori bilatu eta biltzeak garrantzi handia du ikerketa proiektu bat abiatzerakoan. Proteomikak oso lagin konplexuetan dauden proteinak identifikatu eta kuantifikatzen ditu. Orain arte proteomika egiteko modurik arruntena shotgun proteomika izan da, bere helburua ahalik eta proteina gehien inolako aurreiritzirik gabe analizatzea delarik. Orain dela gutxi, proteomika kuantitatibo ituratua aplikatzen hasi da, proteina jakin batzuk oso modu sentikorrean eta fidagarrian kuantifikatzeko asmotan, Western plapaketaren alternatiba izatera helduz. Behin metodo ituratua diseinatu eta gero, lagin askotan erabiltzeko aukera ematen du, baina estrategia honek proteina bakoitzarentzako metodo ituratua diseinatzea eskatzen du. Nukleoko poro-konplexuak [Nuclear pore complexes (NPCs)] nukleoaren azalean zeharreko zitoplasma eta nukleoplasmaren arteko proteinen eta azido nukleikoen garraioan dira bitartekari. Aldi berean, iragazkortasun-hesia osatzen dute sarbidea mugatuz. NPCak zelulako konplexu handienetarikoak dira. Euren tamaina handia izanik ere (60 MDa ornodunen kasuan), gutxi gora behera nukleoporina (Nups) izeneko 30 proteina desberdinez osatuta daude. Nukleoporina desberdinak azpikonplexuak osatuz agertu ohi dira. Nup93 konplexuak, NPC egiturara errekrutatutako bigarren azpi-konplexurik handienak, NPCaren mihiztaduran ezinbesteko rola betetzen duela argitaratu dute berriki. Hizkuntza/Idioma: Euskera