Sasoiaren menpeko erreferentzia geneen transkripzio-profilen ikerketa Chelon labrosus lazunean
View/ Open
Date
2014-06-24Author
Ibáñez Pérez, Jone
Metadata
Show full item recordAbstract
Chelon labrosus lazuna oso erabilia da kutsaduraren eragina aztertzeko organismo zentinela bezala, oso kutsatuta dauden itsaso zabaleko zein itsasadarretako uretan bizirauteko gai baita. Kutsatzaileek zelulen, ehunen eta organismoen transkripzio-profilen aldaketa eragin dezaketela ondo deskribatuta dago. Aldaketa hauek neurtzeko, gene-espresioaren normalizazioa burutu behar da. Eskuarki, normalizazio prozesua burutzeko, metabolismo orokorreko geneak erabiltzen dira, hau da, erreferentzia geneak. Gene hauek, zelularen oinarrizko funtzioak garatzeko beharrezkoak diren geneak dira eta zelula guztietan konstitutiboki adierazi ohi dira. Aurretik egin diren zenbait ikerketetan ordea, gene hauen transkripzio maila egoera esperimentalen, ehun motaren, garapen fasearen edota zelularen zikloaren arabera aldatu egiten dela behatu da. Hortaz, erreferentzia geneen transkripzio mailen aldaketak, aztergai den itu genearen interpretazio okerra eman dezake. Hori dela eta, azken urte hauetan, beste metodo batzuk garatzen ari dira geneen transkripzio maila normalizatzeko, esaterako, QuanT-it OliGreen metodoa. Testuinguru honetan, Chelon labrosus lazunean toxikologia-analisiak egiteko gehien erabiltzen diren erreferentzia geneen transkripzio-profilak aztertu dira indibiduo ar zein emeetan ugalketa zikloaren zeharreko fase gametogeniko desberdinetan (bost guztira). Horretarako, erreferentzia gene bat, itu gene kontsideratuz, normalizazioa beste erreferentzia geneekiko zein QuanT-it OliGreen metodotik lortutako emaitzekiko burutu da. Azterturiko geneak β-aktina (BA), 18S RNA erribosomikoa (18S rRNA), 1-α elongazio faktorea (EF-1-α) eta glizeraldehido-3-fosfato deshidrogenasa (GAPDH) izan dira. Aztergai zeuden erreferentzia geneen transkripzio maila qRT-PCR bidez kuantifikatu ondoren, aurretik aipatutako bi metodoekiko normalizatu ziren. Normalizazioa erreferentzia geneekiko egin zenean, itu gene berak transkripzio-profil desberdinak aurkeztu zituen normalizaziorako erabili zen erreferentzia genearen arabera. QuanT-it OliGreen metodoaren bidezko normalizazioa egin zenean berriz, aztertutako erreferentzia gene guztien transkripzio-profila, fase gametogenikoen arabera aldatzen zela ondorioztatu zen. Beraz, itu gene baten transkripzio-profilaren azterketa egin nahi denean QuanT-it OliGreen metodoa erreferentzia geneak erabiltzea baino fidagarriagoa da.