Zigor arloko bigarren auzialdirako eskubidea nazioarteko araudiaren argipean. Espainiako ereduaren gabezi eta erronkak
Laburpena
Espainiak nazioarte mailan sinatutako bi itunek aurreikusten dute zigor arloko bigarren auzialdirako oinarrizko eskubidea: Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 7. Protokoloak. Horri esker, jurisprudentziak Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan tokitu du eskubidea, benetako babes judizialaren baitan.
Aipatutako nazioarteko itunen betepenaz arduratzen diren organoetatik jasotako ez betetze erabakiei erreparatuz gero, baiezta daiteke egungo Espainiako lege prozesalak araututako errekurtso sistemak ez dituela errespetatzen nazioarte mailan estatuak bereganatutako betebeharrak. Arazo horren oinarrian arrazoi ezberdinak egon daitezke, hala nola, nazioarteko jurisprudentziaren bereganatze okerra, auzitegien arteko elkarrizketa antzua, edota oinarrizko eskubidearen gaineko interpretazio ezberdinak.
Eztabaida horri helduz, ikerlanak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, errekurtsorako eskubideak zigor arloan izan duen ibilbidea aztertu. Bestetik, nazioarte mailan sinatutako hitzarmenetatik bereganatutako betebeharren ondorioz barne zuzenbidean sortutako eztabaidak argitu. Eta azkenik, momentuko arauzko egoerari berrikuspena eginez, bigarren auzialdirako oinarrizko eskubide osoa bermatuko duen eredua proposatu.