Aldagai klimatikoen eragina haginaren (Taxus baccata L.) hazkuntza-eraztunen zabaleran
View/ Open
Date
2017-01-09Author
Goizueta Royo, Ioritz
Metadata
Show full item recordAbstract
Gizakiak orain dela milaka urtetatik hona ezagutu eta hamaika zereginetarako esplotatu badu ere, hagina (Taxus baccata L.) Iberiar Penintsulan ikuspegi dendrokronologikotik aztertu ez den landare espezie gimnospermoa da. Ikerlan honetan, Araba eta Errioxa lurraldeen arteko mugan kokatutako zuhaitz populazio menditar bat aztertu zen. Hau, bi azpipopulaziotan (ospela eta egutera) bereizten zen, lehenengoa ipar-orientazioduna eta Eskualde biogeografiko Eurosiberiarraren barnean kokatzen zena, eta bigarrena hego-orientazioduna eta Eskualde Mediterraneoaren zati zena. 18 ale aukeratu eta lagindu ziren, bakoitzaren enborretik egurrezko pare bat zilindro erauziz eta beranduago hazkunde-eraztunak datatuz. Kronologia-serieak eraiki ondoren, hazkunde erradiala eta tenperatura nahiz prezipitazioen eragin klimatikoa aztertu ziren hagin talde bakoitzean. Lortutako emaitzen artean, ospeleko banakoak eguterakoak baino zaharragoak zirela behatu zen, era berean, hauen urteroko eraztun-lodiera txikiagoa zelarik. Bestalde, zuhaitzen hazkuntza eta klimaren arteko erlazioa islatzen zuten aldagaientzako balio adierazgarriak lortu ziren. Analisi dendroklimatologikoan behatutako erantzunak populazio-mailakoak (ale guztietan modu berean) eta azpipopulazio-mailakoak (orientazioaren araberakoak) izan ziren: alde batetik, hazkuntza urteko apirileko tenperaturak eta udarako (ekaina-uztaila) prezipitazioek korrelazio positibo estua erakutsi zuten populazio guztian, ekaineko tenperaturak maila bereko erantzun negatiboa adierazi zuen bitartean. Bestetik, otsaileko tenperaturak, soilik eguteran izan zuen korrelazio positiboa, ospelean erantzun berdina urte amaierako (azaroko eta abenduko) tenperaturak erakutsi zuen bitartean. Prezipitazio eta hazkuntza arteko azpipopulazio-mailako erantzuna soilik ospeleko taldean behatu zen, aurreko urteko azaroan korrelazio positiboa adieraziz eta eraztunen sorrera urteko apirilean, berriz, negatiboa. Esanak esan, hagina analisi dendrokronologikoetarako egokia zela konkluditu zen, aldaketa klimatikoaren ondorioen azterketarako espezie potentziala.