EKI proiektuko "Euskararen lekukoak" unitatea: testu-generoetan oinarritutako didaktika?
Autor
Lizarralde Beñaran, Josu
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Lan honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, azaldu nahi izango da EKI ikasmaterialeko unitate batean testu-generoen ekoizpenaren irakaskuntza nola gauzatzea proposatzen den. Bestetik, Genevako Unibertsitatearen ildotik garatutako Sekuentzia Didaktiko bat adibide bezala hartuz, EKIren proposamen didaktikoan Sekuentzia Didaktikoen eredua zenbateraino jarraitzen den aztertu nahi izango da. EKI proiektua duela gutxi Ikaselkar argitaletxeak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean martxan jarritako proiektua da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako sortutako material honen bidez, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredu bat proposatzen da. Lan honetan, material honi helduko diogu, eta EKI ikasmaterialen oinarriak eta material didaktikoa antolatzeko modu orokorra zein den azaltzeaz gain, unitate jakin bat hartu (DBHko 3. mailako Euskararen lekukoak) eta unitate honen analisia egingo dugu. Analisi horretatik eta ondorengo eztabaidatik sortutako ondorioei etekina ateratzeko, hizkuntzen irakaskuntzan behin eta berriz agertuko zaizkigun “testu” eta “testu-genero” kontzeptuei helduko diegu. Kontzeptu horiek zertan diren azaltzeko asmotan marko teoriko orokor bat eskainiko dugu. Marko teoriko hau ezarri ondoren, EKI ikasmaterialean kontzeptu hauek duten pisua nolakoa den aztertuko dugu, eta, horrela, aztergai dugun unitatean generoaren zein alderdi eta zein logika jarraituz lantzea proposatzen den ikusiko dugu. EKIko unitate batean ardatza eta jarduera guztien arteko lotura ezartzen duena testu bat ekoiztea da, hori izango baita ikasleek unitatean zehar garatu beharreko proiektua. Gure kasuan, proiektu hori ikerketa-txosten bat ekoiztea izango da. Ikerketa-txosten horretan azalpen testuen hainbat ezaugarri agertuko zaizkigu, beraz, azalpen testuen ezaugarriak zein diren eta Sekuentzia Didaktiko batean azalpen testuak nola lantzen diren ere aurkeztuko dugu. Gainera, Genevako Unibertsitatearen ildotik garatutako Sekuentzia Didaktiko hori eta EKIko Euskararen lekukoak unitatea parez pare jarriko ditugu eta euren artean topa ditzakegun antzekotasun eta desberdintasun zenbait bildu eta mahai gainean jarriko ditugu. Azken finean, lan honen bidez erakutsi nahi dugun ideia nagusia da, EKIren proposamen didaktikoak testua eta testu ekoizpena dituela ardatz, baina testu generoa didaktikarako ardatz hartzeak dauzkan ondorio edo abantailak ez dituela betebetean aprobetxatzen.