Euskal antroponimoak: Joanes izena Euskal Herrian
Ver/
Autor
Jaurrieta Goenaga, Aitor
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Honako lan honetan Joanes antroponimoa aztertuko da. Antroponimoek historian zehar hainbat aldaketa jasaten dituzte, dela instituzioek hobetsitako formagatik, hiztunek emandako erabileragatik edota hizkuntzaren beraren ezaugarriengatik. Lan honen helburua Joanes izenaren jatorria eta Euskal Herrian izan duen garapena azaltzea izango da, kontuan hartuz euskararen ezaugarriak (fonetikoak, morfologikoak, lexikoak...) eta garai bakoitzeko dokumentuen nolakotasuna. Garaika aztertzeaz gain, geografikoki ere ikusiko da Joanesen garapena. Hasteko, oinarrizko kontzeptu batzuk argitze aldera, Euskal Herriko oinarrizko aldaerak zeintzuk diren azalduko da, baita hipokoristiko esatean lan honetan zer ulertuko den ere. Hipokoristikoak osatzeko bideez ere zenbait argibide emango dira, eskema batekin lagunduaz errazago ulertzeko asmoz. Oinarrizkoa deritzogu bi kontzeptu hauek hasieratik argitzeari lanean murgildu aurretik. Jarraian, Joanesen jatorri kristauaz zenbait zertzelada emango dira; eta honekin loturik, Euskal Herrian San Joan Bataialaria (eta ez Ebanjelaria) santuari egin zaion kultua azalduko da, santu honek euskal lurraldeetan izan duen eragina ikusteko. Izan ere, santu honen izena da gerora gizartean sartu eta hedatu zena, lanean ikusiko diren faktore batzuen ondorioz. Honen ondoren, Joanes izenaren azterketari ekingo zaio garaiez garai. Erdi Aro Betera egingo da atzera latinez idatziriko testuetan izen honen aldaerak ikusteko, nahiz lekukotasunetan ikusiko den moduan aldaera kultua izango den nagusi garai honetan. Erdi Aro Beherean dokumentazioa erabat aldatuko da, eta aldaera herrikoiak eta hipokoristikoak agertuko dira. Garai honetako lekukotasunak oso ugariak direla ohartuko da irakurlea, baina ez Aro Moderno eta Garaikidean bezainbeste. Erdi Aro Beherean agertzen diren aldaera desberdinak Aro Modernoan nola eraldatzen, hedatzen edota desagertzen diren ikusiko da, Juan aldaeraren alde. Aro Modernoaren barnean, Joanesek euskal literaturan duen presentzia ere aztertuko da; baita etxe-izenetan edo oikonimoetan duena ere, garai honetan eremu desberdinetan azalduko baita aztergai den izena. Amaitzeko, Sabino Aranak Deun Ixendegi Euzkotarran izen kristauak euskarara egokitu zituenez, Juanentzat zein euskal ordain sortu zuen ikusiko da. Eta ondoren J. M. Satrustegik Joanesentzat zein aldaera bildu zituen ikusiko da, Aranaren euskal ordainez gain lanean aurreko garaietan agertutako aldaera batzuk ere bildu zituela ikusten baita.