Instalazio produktiboen Arkeologia gizarte aurrekapitalistetan.Leitzako Sarasaingo Burdinolak: proiektu proposamena
Autor
Lizarraga Olano, Maialen
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Nafarroako ondare arkeologikoa balioztatzeko saiakeran, lan honetan,
“Instalazio produktiboen arkeologia gizarte aurrekapitalistetan” izenburupean,
“Leitzako Sarasaingo Burdinolak: proiektu proposamena” lana aurkeztuko dugu.
Nafarroa ipar-mendebaldeko mendialdeko burdinola konkretu baten identifikazio,
informazio bilketa eta miaketa planteatuko dira, etorkizunerako proiektu zabalago baten
sarrera gisa. Honetarako, arkeologiaren metodologia eta baliabideei jarraiki, hainbat
pausu ematen saiatuko gara. Batetik, Nafarroako ondare arkeologikoaren deskribapen
bat eginen dugu, egungo egoeraren erantzule zuzena baita. 2005ean argitaratutako
Nafarroako Ondare Legea Estatu mailan azkenetarikoa izan da, bere partikularitateak
barne. Partikularitate hauetariko bat lanen gehiengoak Foru Erkidegoaren erdihegoaldean
egin direla izanen da eta aztertu beharreko eskualdean ondorioz hutsune
nabarmena antzemanen dugu.
Sarasaingo burdinolak Leitzako udalerrian kokatzen dira, burdinolak diogu,
miaketaren emaitzetako bat bi produkzio gune ezberdinen aurkikuntza izan baita.
Zehazki Leitzalarrea bezala ezaguna den ingurunean aurkituko ditugu, Sarasain eta
Erroizteko ibaien artean. Ikerketa lan honetan, beharrezko tresna tokiko toponimia eta
honen azterketa izanen dira, mendeetan zehar fosilizaturik gelditu diren izenak
identifikatzeko gai izan baikara honen bitartez. Bisibilitate eta orografia zaileko guneen
miaketarako beharrezko den heinean, artxibo historikoen kontsulta ere beharrezkoa
suertatuko da. Izan ere dokumentu historikoetatik ateratako toponimoak, esan dugunez,
egun erabiliak izaten jarraitzen dute. Horrela hainbat dokumenturen bitartez
burdinolaren ustiapen bide eta mugak identifikatzeko gai izanen gara.
Informazio iturri hurbilen kontsultak, miaketa estrategia antolatzeko bidea
emango digu beraz, lanaren muinera iritsiz. Zehaztutako mugenpean Sarasaingo
ibaiaren inguruan antolatuko da miaketa estrategia, lurrazalaren miaketa estrategiak
selektiboa izan beharko du hortaz, edota gutxienez zuzendua, inguruneak eta
landarediak baimentzen duen heinean. Hau da, burdinolaren behar hidraulikoetan
oinarriturik, miaketaren helburua ibai ertzetako estruktura eta zepa arrastoak aurkitzea
izanen da. Aurkeztuko dugun lan honetan, lehenengo miaketan lortutako emaitzak
azalduko ditugu. Bi burdinolen estruktura eta zepadietaz gain, hauen biziraupenerako
beharrezko ziren bestelako elementuak ere identifikatu ditugu (zubiak, mea zuloak,
txondor plazak...). Elementu guzti hauekin, metodologiari jarraiki, unitate ezberdinak
identifikatuko ditugu, hauen iterpretapena egiteko saiakeran.
Sarasaingo burdinolen miaketak beraz emaitza positiboak emanen ditu, proiektu
proposamena aurrera ateratzea ahalbidetuz. Ikusiko dugunez, bi ondorio nagusi aterako
ditugu. Batetik, burdinolek produkzio konplexu osoa osatzen zutenaren ideia,
ingurunearekin harreman zuzenean (egurraren zikloa, uraren zikloa, mineralaren zikloa,
bide-sarea...) eta bestetik, ondarearen balorizazioaren beharraren ideia, ikerketa
historiko-arkeologikoan oinarrituz. Eskualde honetan ondarearekiko dagoen
sentsibilizazio eta ezagutzari dagokionean hutsunea handia izanik.