Iragan Garaikidearen arkeologia. Hurbilpen material eta espaziala Zaramaga langile-auzoan
Fecha
2017-05-02Autor
Santamarina Otaola, Josu
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Franco diktadoreak sustatutako desarrollismoak “industrializazioa, immigrazioa eta hiritartzea” hirukotea nagusitzea eragin zuen. 1950 eta 1970. hamarkaden artean, Gasteizko eliteek bat egin zuten ekimen modernizatzaile honi ekiteko eta horrek hirian aldaketa fisiko zein identitario bortitzak zuzentzea esan nahi zuen. Milaka etorkin landa utzi eta hirian finkatu ziren, Udalak eta Aurrezki Kutxak eraikitako auzo periferiko berrietan bizitzeko. Horietako bat Zaramaga da, desarrollismoaren “langile-auzo” prototipikotzat har daitekeelarik.
Goitik diseinatutako (eta inposatutako) hiri-paisaia honetan Francoren Erregimenaren dinamika sozioekonomikoak eta ideologikoak islatuta topatzen ditugu. Gaspar Blein arkitektoak zona berdez eta zerbitzuz hornitutako bizi-kalitate maila altuko auzoa sortu nahi zuela eman dezakeen arren, subjektu subalternoen – proletario, etorkin, maketo, koreano– gain mantendutako zenbait aurreiritzi dira plangintzetan antzematen direnak. Mugimendu Modernoaren agerizko arkitektura funtzionalistak klase sozialen segregazioaren aldeko apustua estali nahi du, bazterkeriarako oinarri estrukturalak nagusitzen direlarik.
Materialtasuna eta espazioa “irakurriz” gero, ingeniaritza sozialeko proiektu moderno baten aurrean gaudela ondorioztatu dezakegu: hiri-eredu honek eragin arautzailea izan nahi zuen biztanleen gain, pertsonen egunerokotasuna arautzeko gurak materialki islatuta geratu diren heinean. Industrializazioaren helburua “produkzioa” ziurtatzea zen bezala, hiritartzeak eta etxebizitza-eraikuntza planifikatuak “erreprodukzioa” gidatzea bilatzen zuten, Erregimenak onargarritzat jotzen zituen paradigmen erreprodukzioa ematearren, alegia – familia-eredu nuklear katolikoa, langilegoaren subordinazioa, masakontsumo gizartea, etab.
Hiritartze-prozesuan dinamika kapitalistak nagusitzen dira –lurzoru kalifikazioak, adibidez–, baina, Frankismoaren kasuan, prozesua autoritarioki zuzenduta zegoelarik, Erregimenaren zilegitasuna bermatzeko erabilia izan zen. Paternalismo kolonial moduko batek ezaugarrituko luke “gasteiztar berri” hauen gaineko diskurtso ofiziala: bizi-kalitate maila onargarri bat eskaintzea, baina segregaziorako eta alienaziorako egiturak sendotzearen truke.
Ikusmen arkeologikoa abiapuntutzat hartuz, auzoaren plangintzaz eta ondorengo bilakaera historikoaz zenbait ideia ateratzeko gai izango gara. Izan ere, Arkeologiak marko teoriko eta metodologia aberatsak eskaintzen dizkigu, gauzen historia bat egite aldera. Hala ere, ikerketa-lan hau abiapuntu eta saiakera lez ikusi beharko litzateke, antzeko analisi baten aurrekaririk ez eta zenbait printzipio esperimentalki aplikatu behar izan direlarik. Antzeko frogak egitearen aldeko apustu bezala ere ikus zitekeen lan hau, “hurbilpen” bat den heinean.
Arkitekturaren arkeologiaren zenbait alor (esaterako, sintaxi espaziala edota kronotipologien erabilera analitikoa) iragan garaikidearen arkeologia honetan aplikatuz, iraganaren eta orainaren arteko mugak lausotzea ahalbidetzen da eta “ondare” kontzeptua bera kolokan jartzea posible zaigu. Beraz, arkeologia tradizionalak – kontzeptu hau erabiltzea zilegi bada– hain ziurtzat jotzen dituen zenbait oinarri iraultzeko aukera da honakoa, baina, aldi berean, diziplina honen potentzialtasuna aldarrikatzeko euskarria ere bada, betiere aldez aurretik egiatzat hartzen diren muga horiek gainditu nahian.
Bukatzeko, konklusioen alorrean, Erregimen autoritario batek inposatutako eszenatokia aztertzea da helburu nagusia, atrezzoak antzezpena zenbateraino mugatu, arautu edo zuzendu duen ezagutzeko xedearekin. Egunerokotasunaren programazio hori eraginkorra izan ote zen?
Zenbait aspektu polemikoak edo eztabaidagarriak izan daitezke, baina teorikoki sendoak diren printzipioak errealitatean aplikatzea bilatzen denean gertatzen da hori. Hala eta guztiz ere, saiakera hau egin beharreko zerbait zen, hain zuzen ere, diziplina arkeologikoa hobeki ezagutzeko eta aldarrikatzeko.