Kontsignen garrantzia ikasleen ekoizpen idatzietan
Autor
Sukia Garmendia, Libe
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Argudio testua eskolan gehien landu ohi den testu generoa da eta hori erakusten du Batxilergorako curriculumak. Lan honen abiapuntua joan den urtean egindako ikerketa bat izan da, non argudio-testuak lantzeko sekuentzia didaktiko bat prestatzea zen helburu. Bertan ikasleek idatzitako iritzi artikuluak aztertu ziren abiapuntu gisa idaz kontsigna bat erabiliz. Testu haiek egitura aldetik ongi eraikiak zeuden, baina argudio testuetan hain ohikoa den besteari erreferentzia egiteko modurik ez zen ageri eta arazoa kontsignan bertan zegoen, ez baitzuen helbururik zehazten. Beraz, kontsigna hark eragindako arazoak oinarri harturik datozen orrialdeetan kontsigna batek ondorengo ekoizpen idatzietan duen eragin zuzena frogatu da eta era horretan testu egokiagoak aurki daitezkeela, nahiz eta testu generoak eska ditzakeen alderdi guztiak ez diren ongi menderatuko. Horretarako kontsigna berri bat eraiki da eta haren xede nagusia ikasleei testu hobeak ekoizteko baldintzak eskaintzea izan da. Bertan hartzailea konbentzitu beharra azaldu da eta testu berriak bildu dira. Bi kontsignen bidez bildutako testuak Batxilergoko bigarren mailako bi ikasle talde ezberdinen iritzi artikuluak izan dira. Testuen azterketa burutzeko talde bakoitzeko iritzi artikuluak erkatu eta hauetan kontsignak izan duen eragina ikusi nahi izan da. Horretarako, ekoizpen bakoitzaren hitz kopurua eta egitura ikertu dira, diagnostiko orokor bat egite aldera, baina bereziki bestearen edo hartzailearen ahotsa testura ekartzeko trebeziak izan dira aztergai. Hau da, testu genero honetan oinarrizkoa den gaitasun baten diagnostikoa egin da. Frogatu ahal izan da hartzailea kontuan hartzerako orduan kontsigna berria erabili duten testuak joan den urtekoak baino egokiagoak direla. Ikasleek bestea kontuan hartu dutela erakusten badute ere, ez dira testuak euren osotasunean guztiz egokiak izan. Egitura aldetik, zenbait hutsune ageri dira, testu guztiak ez baitzeuden behar bezala planifikatuta. Beraz, kontsignak egiten duena ikasleen ezagutzak agerian jartzea da, baina horrek ez du ziurtatzen, jakina, ekoizpenaren alderdi guztiak egoki eraikiak izatea. Laburbilduz, kontsignek eragin zuzena dute idatziko diren testuen gainean. Ongi zehaztua bada testu hobeak lortuko dira, baina horrek ez du testu osoaren egokitasuna bermatuko.