Larramendiren Artea Lehen Euskara Modernoko idazleen hautuetan
View/ Open
Author
Garmendia Urquizu, Aintzane
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen helburu nagusia, Larramendiren Arteak euskal literaturan izandako eragina neurtzen hastea da. Orain arte Lehen Euskara Modernoko idazlanak aztertzerakoan lexikoari bakarrik eskaini izan zaio arreta, salbuespen bakan batzuekin (besteak beste, Altzibar 1992 eta Urgell 2013), eta esan liteke badela garaia alderdi ilunago honi ere ekiteko. Horretarako, Larramendiren bultzadaren eraginpean idatzi zuten lehen idazleetako bat hautatu dut, Mendiburu, eta honen obrarik garrantzitsuena bide dena, Jesusen Bihotzaren Debozioa (1747).
Zehazki obra hau hautatu dut Mendibururen obra ospetsuena izateaz gain −Orixek (Iztueta 1991) “Mendibururen libururik bikainena idaztankeraz eta euskalkiaz” zeritzon−, Larramendiren gutuna hitzaurrean agertzen dela ahaztu gabe, egileak berak zaindutako bi argitalpen ezberdinek (1747, 1751) azterketa honi ekarpen aberatsa egin diezaioketelako. Izan ere, zabaldua dago bigarren edizioa “nafarragoa” delako ustea. Honela bada, bi argitalpenok esku artean hartuta aukera dugu bi edizioen arteko ezberdintasunak aztertzeaz gainera, Larramendiren gramatikarekiko erlazioak aldaketa horietan zerikusirik izan zuen ala ez egiaztatzekoa.
Gramatikak, oro har, eskaintzen dituen gai ugarien artean aditz jokatuak hautatu ditut, zehazki aditz laguntzaileak (izan, *edin, *edun, *nin, *eradun, *ezan eta egin) eta gehien erabili ohi ditugun aditz trinkoak (eduki, egin, egon, ekarri, eraman eta joan). Honekin batera, pluralgileak ere beste atal batean aztertzea erabaki dut, azterketan zehar aurkitutako berezitasunengatik.
Gauzak horrela, Larramendiren gramatikako paradigmak eta Mendiburuk erabiltzen dituenak erkatzeak zailtasun nabarmenak ditu; adibidez, egiturari dagozkionak, gramatika baten eta erlijio liburu baten arteko ezberdintasunak begi bistakoak direnez gero. Espero dut aurkeztutako galderen artean, zenbait behintzat ondo ezarri izana.