NZ sintagmadun galdera egiturak
Autor
Martin Arrizabalaga, Leire
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Ondoko lan honetan NZ sintagmadun galdera egituren inguruan jardungo dugu. Gaia zertxobait mugatu nahian, perpaus nagusiak soilik izango dira aztergai, perpaus nagusien barnean lau perpaus mota aztertuko direlarik: alde batetik, NZ sintagmadun galdera egitura estandarra, bestetik, galdera erdibituak deituak, hirugarrenik, galdera egitura indartuak eta azkenik, NZ in situ galderak. Eredu estandarra euskalki guztietan erabili ohi den eredua da. Itxura batean honen antzekoenak galdera erdibituak ditugu, hegoaldeko hizkeretan erabili ohi direnak. Galdera erdibituak deitzen zaie galdetzailea eta galdegaia perpaus berean daudelako. Galdera indartuak eta NZ in situ galderak aldiz, nafar-lapurteraz erabiltzen dira. Galdera indartuak hizkera honetako hiztun guztiek erabiltzen dituzte. NZ in situ gaderak aldiz, gazteek soilik. Lan honen muina bi zatitan banatuta dago: alderdi deskribatzailea eta alderdi teorikoa. Lehenik, alderdi deskribatzailea jorratuko da, honek barne hartzen dituen ezaugarriak ere bi azpimultzotan banatuko direlarik: sintaktikoak eta semantikoak. Ezaugarri sintaktikoen barnean ordenari loturiko kontuak izango ditugu hizpide, zehazki, NZ hitzaren kokagunea eta perpaus osagaien arteko ondokotasuna (bai Nz hitzaren eta aditzaren artekoa, bai aditz konplexuetako elementuen artekoa). Ezaugarri semantikoen atalean, aldiz, aurresuposizionaltasuna eta exhaustibotasuna. NZ sintagmadun perpaus arruntetan eta galdera erdibituetan NZ hitza perpausaren ezkerrean agertzen da eta aditzarekiko ondokotasuna mantendu behar du. Aditz konplexuko elementuen arteko ondokotasuna ere sendoa da, ezin baita beste elementurik txertatu hauen artean. Bi perpausok ez dira exhaustiboak, baina aurresuposizionaltasunean ezberdintzen dira, perpaus erdibituek ezaugarri hau baitute eta NZ sintagmadun perpaus arruntek ez. Galdera erdibituek ere NZ hitza perpausaren ezkerrean eraman eta aditzarekiko ondokotasuna mantendu behar dute. Hauetan aditz konplexuko elementuek ez dute elkarren ondoan agertu beharrik. Ezaugarri semantikoi dagokienean, perpausok biak dituzte. NZ in situ egituren kasuan, NZ hitzak ez du perpausaren ezkerrean agertu beharrik, eta aditzarekiko ondokotasuna ere ez da sendoa. Aditz konplexuko elementuen artean ordea, ezin da ezer sartu. Semantikoki, ez dute landuko diren bi ezaugarrietako bat ere. Ezaugarri deskribatzaileekin amaitu ostean, atal teorikoari helduko zaio. Atal honetan, NZ mugidaren inguruan egon diren bi hipotesiren berri emango da lehenik, alde batetik, Ortiz de Urbinaren (1989) konplementatzaile-buru hipotesia eta bestetik Uriagerekaren (1992) aditz mugidarik gabeko NZ- mugimenduak. Lan hau egiteko Ortiz de Urbinaren proposamena hartuko da oinarri eta ondoren, perpaus mota bakoitzaren analisiari helduko zaio, ezaugarri formalak azalduz. Gramatika Sortzailearen eredu teorikoan oinarritutako lana izango da, eta atal hau garatzeko batez ere Hatsarreak eta Parametroak Lantzen lana erabili da. Atal honetan, perpaus kanonikoetatik ezberdinenak, NZ in situ eta galdera erdibituen analisiak ditugu. Lehenengoari dagokionez, ikusiko dugu perpauseko elementuak zein bere sorlekuan daudela, inongo mugidarik jasan gabe (Duguine eta Irurtzun 2010). Bigarrenaren analisian aldiz, kontua zertxobait zailduko da. Izan ere, bi motatako zer galderak ditugu, bat etortze motakoak eta zer motakoak. Galdera erdibituak azaltzeko erabilitako iturrian (Irurtzun 2013) bat etortze motakoaren analisia soilik aurki genezake, zer motakoena oraindik garatzeko baitago. Hala ere, zer motakoak azaldu egin ditut (nahiz eta agian deskriptibo xamarra izan), bat etortzeetatik bereizteko.