Poesia itzulpena: jarduera periferiko baten analisia
View/ Open
Author
García López, Ane
Metadata
Show full item recordAbstract
Gradu Amaierako Lan honek orain arte euskarara itzulitako poesiaren gaineko analisi
sakon eta osatu bat burutu nahi izan du, etorkizunera begira kontuan hartu beharreko
hainbat alderdi azpimarratzeko helburuarekin. Emakumeek poesia itzulpenean duten
lekuari hurbiletik begiratu diogu lan honetan, eta genero-ikuspegiak pisu nabarmena
izango du, lanaren azken ataletan bereziki.
Gure helburuak lortzeko, analisia hiru multzo handitan banatu dugu, eta atal bakoitzari
dagozkion ondorioak ateratzen joan gara: lehen ataletan, poesiaren eta poesia
itzulpenaren izaera periferikoa aztertu dugu, eta literatur genero horrek gure
polisisteman duen lekuaren balorazio bat egin dugu Polisistemen Teoria oinarritzat
hartuta. Hori osatzeko, NordaNor katalogotik ateratako datuen analisi bat egin dugu, eta
orain arte itzulitako lanak behatu ditugu. Bi multzotan aztertu ditugu itzulpenak:
monografiak eta monografietatik at argitaratutako itzulpenak (1980tik aurrera). Atal
horretatik ateratako ondorioetan, analisian nabaritu ditugun hutsuneak seinalatu eta
etorkizunera begira landu beharrekoak proposatu ditugu.
Jarraian, orain arte itzuli denak eta itzuli ez denak euskal poesiaren polisisteman izan
duen, daukan eta izan dezakeen eraginari ikusgarritasuna emate aldera, bi eredu zehatz
behatu ditugu: Itxaro Borda eta Munduko Poesia Kaierak bilduma. Atal horretan,
emakumeek poesia itzulpenean duten presentziak garrantzia berezia du, eta ondorioak
genero-ikuspegitik osatu ditugu.
Azkenik, June Jordan idazle estatubatuarraren Poem for Nana itzuli dugu, jardun
praktikoaren bidez aurreko ataletatik erauzitako ondorioak osatzeko. Itzulpen lana
egiteko baliatutako informazioa azaldu dugu atal horretan: idazlearen inguruko
informazioa, poemaren analisia eta suertatutako zailtasunak. Itzulpena bera ere atal
berean topatuko dugu, eta idazle periferiko bat itzultzearen erronkaren inguruko
gogoetarekin biribilduko dugu atala.
Lanaren ondorio orokorrek hiru multzo horiek batzen dituzte, atalen arteko harremanak
esplizitu eginez eta batak besteagan duen eragina azalduz. Euskarara itzulitako
poesiaren inguruko ikuspegi orokor bat eskaintzen saiatu gara: etorkizunerako erronkak,
genero-ikuspegia lantzeko proposamenak, orain arte baliagarri suertatu diren formulak
(euskarriak eta bildumak, esaterako)… Jardun periferiko bati plaza eskaini nahi dio lan
honek, eta helburu hori betetzeko asmoz osatu dugu analisi hau.