Hidroterapiaren erabilera erditze prozesuan
Laburpena
Sarrera: Hidroterapia antzinatik erabili izan da bere propietate sendagarriengatik. Erditze prozesuari bideratuta, bainuontzien erabilera ofizialki 1993an onartu zen Erresuma Batuan. Harrezkero, uraren kanpo aplikazioa oinarri duen terapia osagarria, lekua hartzen joan da herrialde desberdinetako osasun-sistemetan, Osakidetzara ere iritsi delarik. Hala ere, gure inguruan hidroterapiaren erabilera ez dela ohikoa ikusi da.
Helburua: Erditze prozesuan amari, jaioko den fetuari eta jaioberriari zainketa integralak emateko, hidroterapiak izan dezakeen garrantziari buruzko ebidentzia azaltzea.
Metodologia: Bilaketa bibliografikoan oinarritzen den errebisio narratiboa burutu da. Horretarako, osasun zientziekin erlazionatutako datu-base, web-orri eta aldizkari desberdinak erabili dira, helburura hurbiltzeko iragazkiak eta irizpideak zehaztu direlarik. Lana burutzeko guztira 36 dokumentu erabili dira.
Ondorioak: Erditze prozesuan hidroterapia erabiltzea onuragarria dela ikusi da eta ezin da baieztatu kalterik sortzen duenik, arlo hori zehazteko ikerketa gehiagoren beharra baitago.
Aberasgarria izango litzateke profesionalek terapia hori eskaini ahal izatea, erditze prozesuan amari, fetuari eta jaioberriari zainketa integralak eman eta emakumea bere erditzeko protagonista izan dadin. Horretarako ordea, beharrezkoa da profesionalak heztea eta horiek elkarlanean aritzea, protokoloak sortu eta horiek bateragarriak izan daitezen.