Neonatologiako zainketa intentsiboak: gurasoen parte hartzea bultzatzen
Ikusi/ Ireki
Data
2017-10-03Egilea
Almendro Rodríguez, Sara
Laburpena
Sarrera: Haur jaioberriek, osasuntsu egonda ere, zaintzaile baten beharra izaten dute jaiotzen diren momentutik, are gehiago haur goiztiarrek, askotan zainketa bereziak behar izaten dituztelarik. Zainketa Intentsiboen Unitate Neonatalean (ZIUN) ematen diren zainketak, umearen inguruan zentratzen dira, baina erizaintza zainketak holistikoak izateko, umearen inguruko pertsonak ere kontuan izan beharko lirateke, horien artean gurasoak. Gainera, hainbat ikerketen arabera, gurasoen inplikazioak zainketetan, haur jaioberriaren hobekuntza ekartzen du eta, hortaz gain, loturaren garapena bultzatzen du, bertan erizainak rol garrantzitsua izango duelarik.
Helburua: ZIUN-ean dauden umeen gurasoak zainketetan parte hartze aktiboa izateko, erizainak izan beharreko ezagutza eta zereginak azaltzea.
Metodologia: Lan hau berrikuspen narratiboa da. Horretarako, bilaketa bibliografikoa burutu da hainbat datu baseetan. Hortaz gain, Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean bilaketa egin da, hiru liburu eskuratu direlarik. Bestalde, gaiarekin zuzenki erlazionaturik dauden hiru web orrialde ere erabili dira. Guztira 24 artikulu aukeratu dira lanerako.
Helburuen garapena: ZIUN-eko zainketak behar dituen haur baten jaiotzak, hainbat ondorio ekar ditzake, horien artean, gurasoen kulpa eta beldur sentimenduak. Testuinguru horretan, zaintzak beste esanahi bat hartuko du: erizainak gurasoen antsietatea arintzen saiatu beharko du eta loturaren garapenean lagundu. Horretarako, familian zentraturiko atentzioa martxan jarri eta gurasoak eginkizun xinpleetan trebatu beharko ditu lehenbizi, geroz eta teknika konplexuagoak erakutsiz, horien artean kanguru metodoa eta haur masajea. Gainera, gurasoen integrazioak eta teknikek onura ugari ekartzen dituztela ikusi da, bai guraso bai jaioberriarentzat. Betiere, aurkezten diren oztopoak kontuan hartu beharko ditu erizainak, horiei irtenbide egokiena eman eta gurasoei egonaldia errazteko.
Ondorioak: Urtero, munduko jaioberrien %5ak zainketa bereziak behar izaten dituzte, familiengan eragin negatiboa izanez. Garrantzitsua izango da gurasoak kontuan izatea eta euren burua zaintzaile nagusitzat ikusteko estrategiak aplikatzea, gurasoak zainketetan integratuz. Hori guztia erizainaren komunikatzeko trebeziarekin eta gurasoek euren artean bizitzen ari diren esperientzia elkarbanatzeko aukerarekin konbinatuz, ZIUN-ean humanizazio maila altuagoa lor daiteke.