Isilpeko samina: erditze osteko depresioaren aurrean emakumeek laguntza eskatzean sumaturiko oztopoak. Begirada bat erizaintzaren ikuspuntutik.
Ver/
Fecha
2018-12-14Autor
Arnaiz Sánchez, Ane
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Aurrekariak: Erditze osteko depresioaren mundu-mailako prebalentzia %10-20an dagoela estimaturik, osasun publikorako ardura nagusi bilakatu da, azken honen abordatze goiztiarra beharrezkoa delarik. Eritasun honen arrisku-faktoreak zein emakumearen, haurraren zein bikotearen gain sorturiko inpaktu negatiboa ezaguna den arren, gaur egun azpidiagnostikatua eta azpitratatua mantentzen jarraitzen du, emakumeek laguntza profesionala eskatzerakoan sumaturiko oztopoak kausa posible bezala identifikatzen direlarik. Osasun-profesionalek gaixotasun honen detekziorako erantzukizun handia dutela jakinik, eta Ebidentzian Oinarrituriko Erizaintzaz baliaturik, emakumeek erditze osteko depresioari nola erantzuten dioten eta prozesuan zehar hautemandako oztopoen inguruko ulermena zein depresioaren abordatzeaz arduratuko diren erizaintza praktika gaurkotuak diseinatu ahalko dira.
Helburua: erditze osteko depresioaren aurrean laguntza profesionala eskatzean emakumeek hautemandako oztopo nagusiak identifikatzea.
Metodologia: berrikuspen bibliografiko bat burutu zen 2018ko urtarril eta martxo artean, Pubmed, Web of Science (WOS) eta Scopus osasun datu baseetan. MeSH termino eta termino askeaz baliaturik, bilaketa estrategikoa burutzeko hitz gako egokienen konbinazioa egin zen. Artikuluak hautatzeko barne-eta kanpo-irizpideak definitu ziren baita ikerketen irakurketa kritikoa burutu ere.
Emaitzak: 11 artikulu barneratu ziren guztira, jatorri kultural ezberdineko emakumeek erditze osteko depresioarekin izandako esperientziak batzen zituztenak eta arreta profesionalaren bila jotzerako orduan maila indibidualean, interpertsonalean zein maila asistentzialean hautemandako oztopoak deskribatzen zituztenak.
Ondorioak: lan honen bitartez ondoriozta daiteke emakumeentzako gaixotasun mentalei leporaturiko estigma eta depresioaren gaineko kontzientzia hartzea zailtzen dituzten zenbait faktore oztopo izan daitezkeela; maila interpertsonalean, aldiz, familiak arreta profesionalaren eskuratzea ahalbidetu edota oztopa dezakeela ikusi izan da; maila asistentzialean zehar profesionalek bideraturiko zenbait jokaera arretaren onarpenean edota errefusean erabakigarriak direla ikusi izan da, baita osasun-arretaren antolamenduak berak oztopo gisa jardun dezakeela ere.