Lepidochelys olivacea itsas dortokaren arrautzen garapen eta kumeen eklosioan eragiten duten faktoreen analisia Mexikoko “La Escobilla” hondartza Santutegian
Laburpena
[EUS] Lepidochelys olivacea, munduan existitzen diren zazpi itsas dortoka espezieetatik arruntena eta ugariena den arren, espezie kaltebera moduan sailkatzen da. Faktore anitz deskribatu dira dortoka olibakaren ugal arrakastan eragin eta populazioa gainbeherara daramatzatenak, hala nola, Omorgus suberosus kakalardoek sortzen duten predazioa, habien gainezarpen gertaerak eta inkubazio aldiko tenperatura. Mexikoko “La Escobilla” hondartzan 2015/2016 eta 2016/2017 denboraldietako lehorreratze masiboetan zehar buruturiko ikerketa honetan, kakalardoek garapen bidean dauden dortoka enbrioien gain buruturiko harrapakaritzaren eragin negatiboa frogatu da, harrapakaritza % 15-ekoa denean, eklosio arrakasta erdira jaisten baita. Honekin batera, gainezarpen bidezko habien suntsipen gertaerek aztertu dira, eta honek ere, dortoken ugal arrakastan eragin negatiboa duela behatu da, % 3-ko gainezarpenak, gainezarritako habien eklosio arrakasta erdira murrizten duela ikusi baita. Azkenik, inkubazio aldian zeharreko tenperaturak ere enbrioien garapena baldintzatzen duela egiaztatu da; garapen optimoa 30 °C inguruan eman da baina tenperatura horretatik urruntzean, enbrioien garapena zailtzen dela ikusi da. Halaber, faktore hauen eragina nabarmenagoa izango da itsasbazterretik urrun kokaturiko habietan, bertan izaten baitira gainezarpen gertaera ugarienak, O. suberosus-en dentsitate handienak eta tenperatura altuenak.