Erizaintza-zainketak sindrome alkoholiko fetalean
Fecha
2019-04-15Autor
Larrea Jauregui, Ainhoa
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Espektru Alkoholiko Fetaleko Nahasteak haurdunaldian zehar alkohola kontsumitzearen ondorioz fetuan sortzen diren ezaugarri fisiko, jokabideko arazo eta egoera kognitiboak biltzen ditu bere baitan. Hauetan larriena Sindrome Alkoholiko Fetala da. Erizainen parte-hartzea ezinbestekoa da osasun publikoko arazo honen prebentzioan, diagnostiko goiztiarrean eta maneiuan.
HELBURUAK. Lan honen helburu nagusia Sindrome Alkoholiko Fetala pairatzen duten haurren bizi kalitatea hobetzeko erizainen esku-hartzea deskribatzea da.
METODOLOGIA. Errebisio bibliografikoa egin da. Bilaketa bibliografikoa egiteko ondorengo datu-baseak hautatu dira: Dialnet, Biblioteca Virtual en Salud, Pubmed, Science Direct eta Trip Database.
EMAITZAK. Sindrome Alkoholiko Fetala pairatzeko arriskua kontsumitutako alkohol dosia igotzearekin batera handitzen da, edate-eredu arriskutsuena binge drinkinga delarik. Nahasmendu hau pairatzen duten gizabanakoek osasun-arazo fisikoak eta neurogarapeneko arazoak jasaten dituzte. Horretaz gain, bigarren mailako desgaitasunak ere izaten dituzte. Sindrome Alkoholiko Fetalaren diagnostikoa burutzeko beharrezkoa da gizabanakoak jaio aurreko eta/edo ondorengo hazkuntza urritasuna, Nerbio Sistema Zentraleko desgaitasunak, nahasmendu honen bereizgarri diren aurpegiko hiru ezaugarri fisiko anormalak eta jaio aurreko alkoholarekiko esposizioa izatea. Diagnostikoa burutu ondorengo pausua, haurra bere desgaitasunei erantzuna emateko esku-hartzeetara bideratzea da.
EZTABAIDA. Artikuluak bat datoz nahasmendu honen diagnostiko goiztiarraren garrantziarekin. Diagnostiko prozesu zailaren arrazoiak identifikatu ostean, diagnostikoa burutzeko, osasun profesionalei bideraturiko gida edo protokolo baten garapena ezinbestekoa dela ikusi da. Bestalde, Europan, haur hauei zuzenduriko esku-hartzeen behar handia nabarmendu da.
ONDORIOAK. Sindrome Alkoholiko Fetala ekiditeko aukera seguru bakarra haurdunaldi osoan zehar alkoholarekiko abstinentzia mantentzea da. Nahasmendu honen ondorioz, gizabanakoek osasun-arazo konplexu eta aldakorrak jasaten dituzte. Diagnostiko goiztiarra ezinbestekoa da, haurra esku-hartze egokietara bideratu eta bigarren mailako desgaitasunak ekiditeko. Espainian ez da haur hauei zuzenduriko esku-hartzerik aurkitu, hala ere, gurasoei nahasmenduaren inguruko hezkuntza ematea esku-hartzeen gabeziari aurre egiteko erizainek burutu dezaketen ekintza eraginkorra da.
HITZ GAKOAK. Sindrome Alkoholiko Fetala, diagnostiko goiztiarra, bizi-kalitatea, erizaintza-zainketak.