Beso hutsak: haurraren oroitzapenak sortzen dolu perinatalari aurre egiteko
Fecha
2019-09-13Autor
Loza Quintero, Irune
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Marko teorikoa eta justifikazioa: Gaur egungo gizartean eta osasun sisteman, dolu perinatalaren “isiltzea” edo balioztatze eza gertatzen da oraindik ere. Osasun langileek jarrera paternalistak hartu ohi dituzte guraso hauei arreta eskaintzeko unean; halaxe adierazten dute haurdunaldiaren 20.astetik bizitzako lehenengo 28 egunetan haurra galdu duten bikote gehienek. Dolu mota honen artatze tekniken artean, hildako haurraren oroitzapenak sortzeak literaturan presentzia handia duen gaia da, non honen eraginkortasunak ikerketa ezberdinen arteko eztabaida pizten duen.
Helburua: Lan honen helburua, haurraren oroitzapenak sortzeak dolu perinatalean duen eragina aztertzea izango da.
Metodologia: Helburuari erantzuteko, literaturaren berrikusketa kritikoa eraman da aurrera eta literatura bilatzeko definitu diren hitz-gako garrantzitsuenak honako hauek dira: “dolua”, “erizain zainketak”, “aldi perinatala/heriotza perinatala” eta “oroitzapenak”. 2004-2019 urte bitartean ingelesez, gazteleraz eta frantsesez argitaratutako artikuluak onartu dira, bilaketak ondorengo data-base nazional zein internazionaletan burutuz: PsycINFO, CINAHL, Cuiden, Medline, Cochrane, eta Embase hurrenez hurren. Eskuzko bilaketak ere burutu dira, baina ez da lan honetarako artikulu baliogarririk lortu. Guztira, lan honen helburuari erantzuteko, barneratze eta kanporatze irizpideak betetzen dituzten 21 artikulu erabili dira.
Emaitzak eta eztabaida: Haurraren oroitzapenak sortzearen kontzeptuak, praktika klinikoan aplika daitezkeen teknika ezberdinak biltzen ditu: Haurra ikusi eta besoetan hartzeak, gurasoen osasun-mentalean duen eragina eztabaidatua da. Ikerketa askok honen onurak jasotzen dituzte, baina doluaren intentsitatea handitzen duen faktorea dela aipatzen dute. Bestalde, hildako haurrari argazkiak ateratzearen interbentzioak, oso modu positiboan baloratzen dute gurasoek, eta baita bestelako oroitzapenak lortzeko metodoak ere. Hala ere, ikerketa kuantitatiboak urriak dira azken bi kasu hauetan. Osasun profesionalen paperari dagokionez, bereziki komunikazio eraginkorra izatea beharrezkotzat hartzen dute galera perinatala pairatzen duten bikote gehienek.
Ondorioak: Lan honetan aztertutako teknika guztiak, gurasoek oso modu positiboan baloratzen dituzte, haien gurasotasuna eta haurraren existentzia balioztatzeko erabilgarriak direlako. Hala ere, ez dira topatu hauen eraginkortasuna frogatzen duten ikerketa esperimentalak. Espainia mailan, zainketa hauen aplikazioa urria da Ipar-Europako beste herrialdeekin alderatuz. Zentzu honetan osasun-profesionalen sentsibilizazioa eta prestakuntza beharrezkoa ikusten delarik.