Entrebista motibazionalak diabetes mellitus 2.mota daukaten helduen gluzemia zein autozainketa emaitzetan daukan eraginkortasuna
Resumen
Marko teorikoa eta justifikazioa: Diabetes Mellitusa (DM) munduan zehar osasun arazo larria da, 2014.urtean pairatzen zuten pertsona kopurua 422 milioi zirelarik. Patologia honen zainketa eta kontrola modu ez eraginkor batean eramatekotan, konplikazioen agerpena handitu daiteke. Diabetesaren autozainketa gaixotasun honen kontrolerako funtsezko pieza da baina jarrera/jokabide aldaketak eta ezagutzak zein trebetasunak eskuratzea eskatzen du denbora epe jarraitu batean. Entrebista motibazionala jarduera terapeutiko bat da, pazientean zentratua eta berarengan aldaketarako grina sortu nahi duena anbibalentzia alde batera utziz. Helburu orokorra: Entrebista motibazionalak gluzemia mailan eta autozainketa osasun emaitzetan hau da, dietan, ariketa fisikoan, medikazioan, tabakoan eta alkohol kontsumoan daukan eraginkortasuna aztertzea diabetes mellitus 2.mota daukaten pertsona helduetan. Metodologia: Joanna Briggs-en Scoping Reviews-en artikuluko metodologiaren hurbilketa egin da. 2008.urtetik gaur egunerarte argitaratutako ingelesezko eta gaztelerazko lanak aztertu dira. EMBASE, MEDLINE (pubmed) eta CUIDEN datu baseak erabili dira, COCHRANE (EBE) eta eskuzko bilaketa burutu da Diabetes Care eta International Journal of Nursing Science aldizkarietan. Honetaz gain, Guia Salud praktika klinikorako gida eta artikuluen bibliografiak ere kontsultatu dira. Emaitzak eta eztabaida: HbA1c mailari dagokionez, bederatzi ikerketek ez zuten bi taldeen arteko ezberdintasunik aurkitu baina bik eta kontrol talderik gabeko ikerketek ordea bai. Autozainketa hainbat eskalaren bidez neurtu zen (SDSCA, DMSES, DSMI, etb) eta hauen barne emaitza ezberdinak topatu ziren; sei ikerketek ez zuten kontrol eta interbentzioaren arteko ezberdintasunik aurkitu eta lauk ordea interbentzioaren aldeko eragin positiboa aipatu zuten. Ondorioak: Entrebista motibazionalak eragin positiboa izan lezake diabetesaren autozainketaren zenbait esparruetan zein HbA1c mailan baina, etorkizunean, gaia ikertzen jarraitzeko beharra azaleratzen da. Interbentzioa aurrera eramateko erizainak profesional optimoak dira, pazienteak aldaketara gidatuz. Gaixotasun honen kontrola lortuz konplikazioen agerpena murriztuko litzateke.