Kanguru Ama Metodoa: Praktika eraginkorra al da jaioberri goiztiar edota pisu baxukoen bizi-konstanteak egonkor mantentzeko?
Laburpena
Marko teorikoa eta justifikazioa: Kanguru Ama Metodoa jaioberria amarekin azalez azaleko kontaktuan oinarritzen den praktika da, amarentzat eta jaioberriarentzat onura handiak ekar ditzakeena, batez ere jaioberri goiztiar edota pisu baxukoentzat. Teknika sinplea denez, inkubagailuak bezalako ekipamendu garestien erabilera murrizten du eta aldi berean ospitalizazio egunak gutxitzen dira. Osasun Mundu Erakundeak (OMEk) dioenez, urterio 15 milioi jaiotze goiztiarrak ematen dira munduan zehar, 10 jaiotzetik bat baino gehiago. Horietatik, milio bat ume hiltzen dira erditzean agertzen diren konplikazioak direla eta. Pisu baxuko jaiotzei dagokionez, mundu mailan %15a pisu baxukoak jaiotzen dira. Jaioberri hauek paira dezaketen konplikazioei atentzioa ematea kanga handia bihurtu da osasun sistemarentzat mundu mailan, kostu fisiko, psikologiko eta ekonomiko handiak sortaraziz, saihesgarriak izan daitezkeenak.
Helburua: Kanguru Ama Metodoaren eraginkortasuna aztertzea jaioberri goiztiar edota pisu baxuko jaioberrien bizi konstanteak egonkor mantentzeko.
Metodologia: 2008-2018 urteen arteko artikuluak erabili dira, salbuespenak izan ezik non 2004ko iturriak hautatu diren. Hautatutako artikuluak ingelesez izan dira. Erabilitako hitz-gakoak 'Kangaroo-Mother Care Method', 'Infant, Premature', 'Infant, Low birth weight' eta 'Vital signs' izan dira nagusiki. Bilaketa-ekuazioak datu base desberdinetan burutu dira (Medline, CINAHL, CUIDEN, LILACS) eta horrez gain, esku bilaketak egin dira OMEn, ebidentzian oinarritutako datu baseetan (Cochrane eta RNAO) eta aldizkari anitzetan. Azkenik, 20 artikulu hautatu dira emaitzetarako.
Emaitzak eta eztabaida: Ume goiztiarrak edota pisu baxukoak haien heldugabetasuna dela eta, termorregulaziorako arazoak izaten idtuzte. Ikerketek Kanguru Ama Metodoa hipotermia saihesteko metodo eraginkorra dela ondorioztatu da, umea bero mantenduz. Bihotz maiztasunari dagokionez, umeek estabilizatuta mantendu dira. Tentsio arterialean igoera ikuskatu da, posturarekin erlazionatuta egon daitekeena, betiere umea egonkor mantenduz. Bestetik, azalez azaleko zainketetan umeak hartzen duen posizioak arnas mekanika hobetzeko lagungarria dela erreparatu da. Azkenik, oxigeno saturazioari dagokionez, kontraesanak ikusi dira ikerketen artean, non batzuk desaturazio aldiak egon direla behatu duten eta beste ikerketa batzuk, berriz, balore normaletan mantendu direla esaten duten.
Ondorioak: Nahiz eta Kanguru Ama Metodoak jaioberriengan ekar ditzakeen onurak ikusi, batez ere goiztiarretan eta pisu baxukoetan, oraindik honen inguruan jakintza eta ikerketa gehiago egitea beharrezkoa da, modu egokian praktika aurrera eraman ahal izateko.