Estatika eta materialen erresistentzia
Resumen
Estatika eta Materialen Erresistentzia irakasgaia, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibarko atala) Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduan 2. mailan ematen den industria-enborreko irakasgaia da. Irakasgaiak elementu mekanikoen diseinuaren oinarriak azaltzen ditu. Edukia energia berriztagarrien aplikazioetara moldatua dago, haize-, ur-, olatu- eta eguzki-energiak sortzeko instalazioak adibidetzat ipiniz. Irakasgaiak Ingeniaritza Mekanikoan garrantzia handia eta tradizio luzea duten bi irakasgaien batura da: alde batetik, Mekanika irakasgaiaren Estatika zatia (fisika aplikatua), eta bestetik, Elastikotasuna eta Materialen Erresistentzia (ingurune jarraituen mekanika). Lehenengoak solidoak zurruntzat hartzen ditu indarren oreka-baldintzak aztertzeko; bigarrenak, berriz, solidoak elastikotzat eta deformagarritzat hartzen ditu, barne-tentsioen eta deformazioen azterketa ahalbidetuz. Biak dira osagarriak, bata bestearen jarraipena.