Eskolako jolastokiko eta gelako espazioek haurren jokaeretan duten eragina
Fecha
2020-03-10Autor
Frias Abecia, Irati
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Haurrek jolastokian edo gelan jolas egiten dute, baina non? Norekin? Zertan? Jolastoki zein gelako txoko bakoitzak zer jolas-aukera eskaintzen du? Zer egoera topa dezakegu horietako bakoitzean? Metodologia kualitatiboaz baliatuz, azterketa hori eraman dut aurrera proiektu bidezko metodologian lan egiten duen Bizkaiko eskola txiki batean: Haur Hezkuntzako lau-bost urteko gelan, zehazki. Horretarako unibertsitateko Haur Hezkuntzako 4.mailako “Practicum III” irakasgaia aprobetxatu eta hamar aste eman ditut espazioak behatzen. Lan honen helburu nagusiak haurrek plazan eta gelan zertan jolasten duten ikustea, eta bertako txoko bakoitzak horretarako zer aukera edo muga jartzen dituen ikustea da. Horretarako, gela zein jolastokiko mapak sortu ditut non landa-oharrak hartu ditudan ia egunero. Honekin batera, eguneroko xume bat bete dut egun zehatzetan, eta, baita gelako zein jolastokiko etnografia bana ere, aipatutako bi lekuak parez pare jarriz. Hau guztia posible izan dadin nik parte-hartzaile behatzaile-rola hartu eta emaitzak jokaera motorreko hogei sailkapen Excel tauletan batu ditut, gelako zein jolastokiko azpiespazio bakoitzeko bat eta espazio bakoitzeko emaitza orokor bana aurkeztuz.
Ondorioetan, espazio nagusi bakoitzak motrizitate mota bat bultzatu duela ikusi da; plaza mugitzeko leku hutsa izan, eta gela motrizitate fina lantzeko materialez betetako lekua izanik. Harremanei begira, bi espazioak bakarrik edo lankidetzan aritzeko aproposak dira. Ikasleak bakarrik aritzen dira zenbait materialaz esperimentatuz, eta lankidetzan, aldiz, jolas sinbolikoan batez ere. Arlo kognitiboan errepikapena eta mugimendu automatizatuak izan dira nagusi plazan; gelan, ordea, sormena da nagusi. Azkenik, emozioei begira, bietan emozio positiboak antzeman izan ditugu, baina intentsitate mailan bi lekuak ezberdintzen dira: plazan algara bizian; eta gelan, lasaitasuna nabarmentzen da. Bukatzeko, azpimarratzekoa da bi espazio nagusietan azpiespaziorik erabiliena “Erdigunea” izatea; hau da, espazio hutsa motrizitateaz gozatzeko.