Hezkuntza emozionala Haur Hezkuntzan
Fecha
2020-05-07Autor
Ayesta Alonso, Nerea
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Emozioak jaiotzen garen unetik daude presente gure bizitzan eta paper oso garrantzitsua dute bai gure izaeraren eraikuntzan, eta baita gizartean ditugun interakzioetan ere. Emozioek prozesu ebolutibo guztietan parte hartzen dute: komunikazioaren garapenean, sozializazioaren ezagueran, informazioaren prozesamenduan, atxikimenduan, garapen moralean, eta abar. Gainera egunero hartzen ditugun erabakien abiapuntu printzipala dira (López, 2005). Emozioak edozein espazio eta denboratan bizitzen ditugu, familiarekin, lagunekin, gure inguruarekin, gure berdinekin, eskolarekin, hezitzaileekin, eta abar. Hau kontuan hartuta, eskola emozioak garatzen diren beste eremu edo esparru bat da, ezagutzak eta esperientziak erakusten dituena. Intentsitate eta espezifikotasun desberdinetan konpartitzen eta bizitzen ditugu emozioak eta emozio hauen trataerak bizitzeko era bat eraikitzen du (López, 2005). Emozioak, sentitzen duguna dira, gure jokabidearen hasiera; baina emozioak ez dira bulkada hutsak, pertsonaren esku dago emozio horiek kudeatzea eta horiek gure pertsonan izango duten jokabidea zein izango den erabakitzea. Gure emozioak identifikatzen, onartzen eta baliatzen ikastea da hezkuntza emozionala (Hik Hasi, 2018). Pertsonaren garapen integrala hobetzeko emozioak hezitzeko beste eduki bat bezala begietsi behar dira. Hezkuntza ez da lan erraza eta gutxiago haurrak txikiak direnean, hezitzailearen laguntza ezinbestekoa denean, hain zuzen ere. Eskolarentzat ez da erronka bat bakarrik haurrak emozionalki hezitzea, bertan lan egiten eta parte hartzen duten agenteak ere hezi behar ditu, irakasleak, familiak, monitoreak, eta abar.; hauek haurraren heziketa pertsonalaz arduratzen dira (López, 2005). Hezkuntzaren helburu garrantzitsuenetako bat pertsonaren ongizatea izan behar da, bai ongizate pertsonala eta baita ongizate soziala ere. Azpimarratzekoa da, ongizate emozionalaz ari garela, emozio positiboak esperimentatzeaz arduratzen denaz, hain zuzen ere (Bisquerra, 2016). XX. mendean emozioak pertsona bakoitzaren bizitza pribatuko alderdia zirela uste zen, hezkuntza trebetasun kognitiboen garapenean oinarritzen zelarik (Bisquerra, 2010). XXI. mendean, ikasleen garapen integrala sustatze bidean hezkuntza emozionala, hau da, konpetentzia emozionalak garatzen dituen prozesua bermatu beharra dagoenaren ideia zabaldu zen (Bisquerra, 2000). UNESCOko partaideek ere 2007. Urtean Kronberg declaration on the future of knowledge asquisition and sharing deklarazioan gaur egungo hezkuntzak trebetasun sozial eta emozionalei arreta eskaini behar diela adierazi zuen. Hau dela eta hezkuntza emozionala sor zaion garrantzia azpimarratzea gustatuko litzaidake eta honi Haur Hezkuntzako geletan ematen zaion garrantzia ikustea. Gaur egun emozioak pil-pilean dagoen gaia da eta gai hau Haur Hezkuntzako gela desberdinetan nola lantzen den jakin nahiko nuke, irakasleek ze formakuntza jasotzen duten eta beraien argudio edo iritziak entzun. Lan honen egiturari dagokionez, jarraian ageri den bezala antolatuta egongo da. Lehenengo marko teorikoa agertuko da eta bertan hainbat puntu desberdin bereiziko dira. Horien artean, emozioak zer diren, emozioen garrantzia, hezkuntza emozionala, hezkuntza emozionalari dagozkion Haur Hezkuntzako helburu eta eduki desberdinak, Hezkuntza emozionalaren praktika Haur Hezkuntzan eta azkenik, jarduera desberdinak. Ondoren, helburuak aipatuko dira. Geroago, metodologiaz hitz egingo da eta bertan, lortutako laginak, erabilitako instrumentua eta hau aurrera eramateko prozedura azalduko da. Hirugarrenez, emaitzak adieraziko dira eta azkenik, ondorioak.