Bill Viola: jaiotza, bizitza eta heriotzaren ziklo etenezina
Laburpena
Hurrengo lana Bill Violan eta 90. hamarkadaren lehen erdialdean egin zituen bideo lanetan zentratzen da. Hamarkada honetan Bill Violak jaiotza, bizitza eta heriotzaren zikloa lantzen du, guzti honen iturburua budismo Zen-a izanez.
Lanari hasiera emateko eta Bill Viola hobeto ulertu ahal izateko, lehenik eta behin lan honek irakurlea garaiko testuinguruan kokatzen du, hots, postmodernitatean. 70. hamarkadatik aurrera garatzen den fenomenoa da, batez ere Europan eta Estatu Batuetan emanez. Testuinguru postindustrial eta postkapitalista honen barnean, aurrerapen teknologikoek, kolektibo ezberdinen bisibilizazioek, indibidualtasuna eta norbanakoaren sentimenduek berebiziko garrantzia hartzen dute, kutsu teoriko eta filosofiko handiko garaia izanez.
Garai hau teknologia berrien edo New Media Art-aren garaia izan zen. Ordenagailua, Internet eta elektronikaren garapenarekin bat artea teknologia berrien barnean sartu zen. Arte adierazpen modu eta lengoaia berrien garapenarekin, teknologia berrien baitan bideoa garatu zen. Orduan, bideoa edo kasu honetan bideo artea hirugarren leihoa kontsideratzen zen, zinema esperimentala eta telebista komertzialetik aldenduta, guztiz eklektikoa, apurtzailea, alternatiboa eta berritzailea bilakatuz.
Testuinguru guzti honen baitan Bill Viola kokatzen da. 70. hamarkadatik aurrera bere ibilbide artistikoa garatzen du eta 1979an Kira Perov-ekin batera Japoniara bizitzera joan zen. Bertan, Daien Tanaka-ren bitartez budismo Zen-arekin kontaktuan jarri eta ordutik, bere bizitzan zehar ezinbestekoa bihurtu den pentsaera eta bizimodua izan da. Azken hau, bere bizimoduaren oinarria izateaz gain, bere bideo lanen oinarria da. Lan honek aztertuko dituen bideo lanak, budismo Zen-ak Bill Violarengan izan duen iraunkortasun edo jarraitutasunaren erakusleak izango dira.
Bill Viola nahiz budistentzat jaiotza, bizitza eta heriotzaren zikloa etenezin eta apurtezina da. Haien ustetan, bizitzen dugun bitartean oraina bizi behar dugu, gertaerak gertatu behar diren eran eta momentuan gertatzen utzi eta bizitzari aske jarraitu. Ondorioz, heriotzari beldur izateak ez du zentzurik, heriotzarekin jaiotza datorrelako eta alderantziz. Budistek eta Violak bizitzaren kontzeptu hau urarekin parekatzen dute, bizitzak uraren moduan aske jariatu behar duelako eta bizitzarekin batera guk.