Historiaurrea 17. Zer ikasi genuen Historiaurreaz Institutoan?
Ikusi/ Ireki
Data
2020-05-22Egilea
Estefania Herrero, Lierni
Laburpena
Lan hau 1867tik 2017ra bitarteko Bigarren Hezkuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait testu-liburuen azterketa da, ikas-material hauetan historiaurre gaiak duen presentziaren bilakaera azaleratzeko asmoz. Horregatik, lana ez da liburuen (formatu eta edukiaren) azterketa soil bat burutzera mugatuko, baizik eta azterketa hau, historiaurrearen baitan emandako berrikuntza eta aurrerapen zientifikoekin erlazionatzen saiatuko gara. Modu honetan, testu-liburuen eguneratze-maila ezagutu ahal izango dugu. Hasteko, liburuak banaka aztertu ditugu, bakoitzean historiaurreari eskainitako orrialdeak behatuz eta datuak bilduz. Banakako analisia hiru garaitan banatu dugu: Isabel II.aren erreginalditik Errepublikara (1833-1936), Frankismoko urteak (1939-1975) eta Trantsiziotik gaur egun arte (1975-2017). Atal hauetako bakoitzean, ikas-material hauei dagokien testuingurua marraztu dugu, historiaurre gaiaren inguruko aurrerapenak aipatuz (aztarnategien aurkikuntza, ikerlari eta erakunde ezagunak eta aurrerapen zientifikoak eurak, noski). Lehen zati honetan, historiaurrearen lanketak pixkana hobera egiten duela esan dezakegu (Frankismo garaiko salbuespenak kenduta): kreazionismoaren eta Bibliaren ideien nagusitasunetik, historiaurre askoz zientifikoago batera. Ikerketaren bigarren zatian, liburuen arteko konparaketa bat gauzatu dugu elementu zehatz batzuk oinarritzat hartuta (historiaurrearen atalean atxikitako irudiak, emakumearen presentzia, historiaurrearen kronologia). Puntu honetan, historiaurrearen lanketan eragiten duten alderdi batzuen analisi indibiduala egin nahi izan dugu, garapen hori gertuagotik ezagutzeko asmoz. Honela, kronologiaren kasuan hobekuntza nabari bat sumatzen den bezala (hipotesietatik, datazio sistema desberdinetan oinarritutakoetara), ezin dugu halakorik esan emakumearen presentziari dagokionez, historiaurrearen baitan emakumezkoak jasaten duen ikusezintasuna eta aurre-iritziz beteriko irudia agerian geratzen delarik (bai testuetan eta bai baliabide grafikoetan). Lanaren azken atala ondorioen azalpenari dagokio. Lehenik eta behin, historiaurrearen lanketa eta momentuko testuinguru hertsiki elkar-lotuta daudela argi geratu da lanean zehar. Historiaurrearen presentzian zentratuz, oro har, bilakaera
positibo batez hitz egin dezakegu, bai edukiari eta bai formatuari (azaldutako baliabide grafikoei, euskararen erabilpenari) dagokienez. Hala ere, hobekuntza orokor honen atzean, badira joera honi jarraitzen ez dioten alderdi batzuk: haien artean esanguratsuena emakumeei dagokiena da, kasu honetan, aipamenen kopurua igotzeaz aparte, apenas nabaritzen baita aldaketarik aztertu diren ikas-materialetan (gehienbat, emakumearen presentziak duen izaeraren kasuan).