Idatzizkotik ahozkora: XVIII. mendeko zenbait lapurtar gutunen azterketa
Laburpena
Lan honetan, idatzizko ekoizpenetik ahozkora egin nahi da jauzi. Helburua, beraz, testu batetik abiatuz, egilearen fonologiaren inguruko informazioa lortzea litzateke, hurbilketa lauso bat bederen. Horretarako, gutun bilduma bat aukeratu da, hauetan baliatutako estilo informala dela eta, idazleen ahozkotik hurbilago dagoelakoan, estilo formalaz edo helburu literario batez idatzitakoak baino. Horretaz gain, hainbat eskuk idatzitako testuak izanik, azterketa zabalagoa egitea ahalbidetzen dute, nahiz eta lan honetan ez den gutuneria osoa aztertuko espazio eta lanaren mailaren mugak direla eta; beraz, lehenengo hamar eskutitzak baino ez dira landuko. Aukeratutako corpusa, Xabier Lamikiz historialariak 2003an aurkitutako lapurtar gutuneria da, Le Dauphin itsasontzian Louisbourg kolonia frantsesera bidalitakoa. Gutun hauek 2013an argitaratu ziren lehenengoz, Lapurdum aldizkarian. Egiturari dagokionez, lana hiru atal nagusitan banatzen da. Lehenik, gaiaren eta aztertuko diren testuen aurkezpena egingo da hiru azpiataletan banatuta. Hasteko, idatziaren eta ahozkoaren arteko lotura landuko da, zenbait hizkuntzalarik gaiaren inguruan esandakoak ekarriz. Jarraian, corpusaren analisiari ekingo zaio, gutunetako grafiaren analisiari, testuinguru anitzetan grafema bakoitzak zein fonema adieraz lezakeen azalduz; idatzien arteko alderaketa eta grafia sistemen deskribapena eginez. Ondoren, ingurunearen araberako aldagarritasuna azalduko da modu laburrean, hau da, bilakabide ingurunedunak. Honen bitartez, ahozko ekoizpenean gauzatuko liratekeen alofonoak azaleratzeko. Lanaren bigarren atal nagusian, aurreko bi azpiataletan egindako azterketan aurkitutako fonema eta alofonoen taula eskainiko da, beti ere corpus batekin lan egiteak dakartzan mugak kontuan izanik. Hau da, corpusak hiztunaren inbentario osoa ez islatzea posible dela jakinik. Amaitzeko, lanaren ondorioak azalduko dira. Corpusari dagokionez, eranskin modura eskainiko dira aztertutako gutunen transkripzioak, testu originalekin eta Othoi çato etchera (OÇE) lanaren egileek proposatutako grafia gaurkotua duen bertsioarekin batera. Jarraian garatuko den lana sakonago egin beharreko azterketa baten hasiera baino ez litzateke. Lanaren maila mugak direla eta, ezin izan da azterketa zabalagorik egin, bai aztertu den laginaren azterketaren xehetasunagatik, bai aukeratutako corpusari ezarritako maila mugengatik. Beraz, ondoren aurkeztuko dena azterbide baten proposamena izango litzateke.