BPSO proiektua: erorketak eta erorketetatik eratorritako lesioen prebentzioa
Laburpena
Sarrera: XXI. mendeko biztanleriak legezkotzat hartzen du zerbitzu asistentzialak segurua eta pazientearentzat ondorio negatiborik gabekoa izan behar duela. Pazienteentzat ahalik eta segurtasun-mailarik handiena lortzeko helburuarekin, Osakidetzak urteetan zehar lan egin du pazientea babesteko; erorketen intzidentzia eta prebalentzia murriztera bideratutako estrategia eta jarduera ugari egin ditu besteak beste. Donostialdeko ESIri dagokionez, duela bost urte BPSO proiektuan sartu zen eta, geroztik, erorketak eta horietatik eratorritako lesioak saihesteko gomendioak ezartzen aritu da unitateetan.
Helburua: Donostia Unibertsitate Ospitaleko (DUO) erorketak saihesteko eta horiek eragindako lesioak gutxitzeko BPSO proiektuan parte hartzea, taldeko bileretan, difusio-jardueretan eta ebaluazio-jardueretan parte hartuz.
Jarduerak eta emaitzak: proiektu hau burutzeko jarduera ezberdinetan parte hartu da. Taldeko bilerei dagokionez, erorketa gaia landu duen sustatzailea DUOko erorketa batzordearekin elkartu da. Bertan, gestio lanak egin dira eta DUOko erorketa kopurua gutxitzeko estrategiak pentsatu dira. Osasun profesionalek erorketak eta horiek eragindako lesioak saihesteko estrategien eta erizaintzako jardunbide onen berri izan dezaten, sustatzaileak difusio-jardueretan parte hartu du. Azkenik, ebaluazio-jarduerak egin dira estrategien eraginkortasuna ziurtatzeko.
Gogoetako jarduna: horrelako proiektu handia aurrera eramatea oso zaila da, izan ere, kanpotik erraza ematen duen arren, barrutik begiratuz gero, konplexutasun handia du. Proiektu honetan parte hartzeak ezagutzak zabaltzeko aukera handia eskaintzen du. Horrez gain, osasun-erakundearen antolamenduaren eta funtzionamenduaren alderdi bat ezagutzeko aukera ematen du.