dc.description.abstract | Egungo gizartearen energia-eskaria oso handia da, eta urtero gora egiten du. Eskari izugarri hori asetzeko, agerian geratzen ari da iturri fosiletatik energia-iturri berriztagarrietarako trantsizioaren beharra; ez bakarrik ingurumenari dagokion jasangarritasunagatik, baita lehengai fosilik ez duten lurralde edo herrialdeen ekonomia iraunkorra eta energia-burujabetza bermatzeko ere.
Bide horretan garatuen dagoen sektoreetako bat haize-energiarena da. Itsas eremuak, hain zuzen, energia eolikoa xurgatzeko baldintza aproposak eskaintzen ditu, besteak beste, haizea biziagoa eta egonkorragoa delako. Hala ere, gaurkoz ohikoena den itsas hondora finkatutako aerosorgailuen modalitatea sakonera txikia duten lekuetara mugatuta dago. Urrunera joan gabe, euskal kostaldean eta, orokorrean, iberiar penintsularen inguruko itsasoetan, aerosorgailuak jarriko badira, hauek flotatzaileak izan beharko dute.
Haize-turbinek leku jakin batean izango duten errendimendua aurreikustea ezinbestekoa da. Turbina flotatzaileen errendumenduan, ordea, haizeaz gain, olatuek ere eragin handia izan dezakete. HydroDyn moduluari esker, aerosorgailuen portaera simulatzen duen FAST programa gai da itsas eremuko kanpo-baldintza espezifikoak (olatuak eta korrontea) kontuan hartzeko. Horrekin batera, ainguratze-sistemaren dinamikaz arduratzen diren hainbat moduluk posible egiten dute aerosorgailu flotatzaileen simulazioa. Bada, FAST tresna egokia izan daiteke FOWT (Floating Offshore Wind Turbine, hots, itsasko haize-turbina flotatzailea) turbinez osaturiko parke hipotetikoen errendimendua aurreikusi eta, horrela, haien bideragarritasuna aztertzeko.
Lan honen helburua FASTen simulazioak Matlab edo Octave aplikazioetatik konfiguratu, egikaritu eta analizatzeko oinarrizko kodea garatzea izan da. Kode horrek, zehatzago izateko, NREL 5-MW eredu-turbinaren masta motako aldaera flotatzailearekin (OC3-Hywind Spar) lan egiteko balio du. Idatzitako scripten eta programen nondik norakoak 3. kapituluan (Matlab / Octave bidez FAST konfiguratu, exekutatu eta emaitzak analizatu) xehetasunez azaltzen dira. Aurretik, 2. kapituluan (Oinarri teorikoak), landuko den gaiaren testuingurua ulertzeko baliagarriak diren eduki teoriko batzuk jorratzen dira sektore eolikoari eta FASTi buruzkoak. Programatu ondoren, simulazio batzuk burutu dira kode berria probatu eta hobetzeko; 4. kapituluan (Simulazio-baldintzak), simulazio horietako bakoitzaren konfigurazioa deskribatzen da; saiakuntzen emaitzak, bestalde, 5. kapituluan (Simulazioen emaitzak) erakusten dira. Bukatzeko, eta ondorio gisa, lan honek aurrerantzean izan ditzakeen garapenak proposatzen dira 6. kapituluan (Etorkizunera begira). | |